Faboritoak ez du huts egin Donostiako Erregetako krossaren 84. edizioan. Arturo Casado madrildarra zen faborito gaur gizonezkoen kategorian garaipena lortzeko, eta hala egin du, emozioz beteriko amaiera estuan. Haizeak gogor jo du, eta taldean joatea nahiago izan dute lasterkariek. Zazpi korrikalariz osatutako taldetxoan iritsi dira azken metroetara, eta Casado izan da txapeldun, esprintean gainerakoak atzean utzita.
Ordu erdiaren mugatik behera eginda osatu du Casadok hamar kilometroko ibilbidea —29 minutu eta 54 segundo—. Haren atzetik sartu dira El Hassan Oubaddi, bigarren, eta Abdelaziz Merzougui, hirugarren.
Emakumeetan, berriz, Saida El Mehdi marokoarra nagusitu da, 33 minutu eta 37 segundoko denbora eginda. Tirhas Gebre etiopiarra izan da bigarren, txapeldunetik hamabost segundora, eta hirugarren Kanbouchia Soud marokoarra.