Artzain gabe etorri dira

Osasuna joko bolada onean da, eta gaur Mallorcaren barne krisia baliatzen saiatu behar du ligako bigarren partida irabaztekoMiguel Angel Nadalek zuzenduko du aurkaria Laudrupen ordezkoa iritsi arte

Kike Sola kexuka, Sevillaren aurka duela bi aste jokaturiko partidan. L. F. A / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Osasunak ligako bigarren partida irabazteko aukera aproposa du gaur. Mallorca artzainik gabe abiatu da Iruñera, Michael Laudrup kargutik bota berri baitute, eta gorabeheraz beteriko aste baten biharamunarekin. Komeria eta adierazpen gehiegi izan dira gauza onerako, eta hori baliatu behar du Osasunak. Mallorca aldean inor gutxi oroitu da partidarekin, eta arreta guztia entrenatzailearen aferak bereganatu du. Pagotxa da azti dabilen taldebatentzat, are gehiago iparra galduriko taldeak etxetik kanpo jokatzen badu. Jose Luis Mendilibarrek garrantzia kendu dio Mallorcaren egoerari, baina badaki zaila izango dela aurkaria une egokiago batean hartzea.

Osasunak, berriz, purrustaka pasatu du azken astea. Valentzia eta Granadaren aurka epaileen bi hanka-sartze larrik eragotzi zuten bi berdinketak garaipen bilakatzea. Bi partidetan, gainera, Iruñeko taldea gehiago izan zen, eta itxura ona eman zuen. Parean mikrofonoa jarri dioten Osasunako ia kide guztiak kexatu dira,denak Mendilibar izan ezik. Presioak bere eragina izan du, eta epaileen buruak Patxi Izko presidenteari deitu dio «neurriak» hartu dituela esateko. Beraz, pentsatzekoa da epaileak, gaur, norbaiten alde jotzekotan etxerantz jo beharko lukeela. Azken partidetako joko ona, Mallorcaren ajea, epaileen abisua... Baikortasuna oztopaezina da, eta gaur estadiora doan zale orok garaipena izango du buruan.

Zuhur bakarra zelaian egongo da, eta hori Jose Luis Mendilibar izango da. «Ez dugu partida epaileei esker irabaziko, guk jokatu behar dugu. Egia da eginiko hutsak onartu izana ona dela, baina lorturiko puntu kopurua berdina da», adierazi zuen atzo. Mallorcarena ere ez da izan aste gozoa, Michael Laudrup eta Lorenzo Serra Ferrer taldeko kirol zuzendariaren arteko ezinikusia agerikoa zen, eta, azkenean, teknikariak kargua utzi du. Ondorioz, Miguel Angel Nadalek zuzenduko du taldea behin-behinekoz. Partida bakarreko kontua da, hurrengo bi asteetan ez da ligarik egongo, eta taldeko buruek nahi beste denbora izango dute teknikaria aurkitzeko. Bada, horrekin ere ez da fidatzen teknikaria. «Nadalek bigarren taldea entrenatzen du, eta ezagutzen ditu jokalariak. Ez da aldaketa askorik egongo. Gainera, ezin dugu ahaztu entrenatzaile aldaketa ez dela emaitza txarrengatik izan».

Osasunak iragan astean Granadan hain ondo aritu zen hamaikako berbera zelairatuko du. Raul Garcia euskarri bikoitzean ariko da Puñalekin, etxeko zaleek ikusi nahi duten bikoa. Sevillaren aurkako partidako bigarren zatian irten zen Garcia, eta berak eman zion zentzua jokoari. Granadaren aurka ere ondo eutsi zion lemari, eta entrenatzailea erabat asebete du. Bien alboan liga hasieran gehien nabarmendu diren bi jokalariak egongo dira: Lamah eta Cejudo.

Buruhausteak atzean ditu Mendilibarrek. Sergio eta Roversio min hartuta daude, beraz, Ruben eta Flaño elkartuko dira lerroaren erdialdean. Ruben ondo ari da, eta inor gutxi oroitzen da falta direnekin. Hegalekoak, baina, ez dira ondo ari. Ez batak ez besteak ez du gora egiteko konfiantzarik, eta bigarren astez jarraian Damiak Raittala ordezkatuko du ezker hegalean. Jokalari finlandiarrak asko du ikasteko, eta, Damia eskuin hegalekoa den arren, Mendilibarrek nahiago du ez arriskatzea. Eskuinean, berriz, Marc Bertran ariko da. Entrenatzaileak atzo solasaldi luzea izan zuen harekin. Deialdian jokatzeko moduan dituen jokalari guztiak sartu ditu, baita hiru atezainak ere. Andres Fernandez ariko da hasieratik, eta baliteke Riesgo esertzea aulkian. Mallorcari dagokionez, atzeko lerroko ezker hegaleko bi jokalarik ez dute jokatuko, Caceresek eta Kevinek, min hartuta daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.