Binakako txapelketaren aurkezpen egunean Aspeko bikote multzoak indartsuagoa bazirudien ere, Asegarceko pilotariek lortu dituzte lehen jardunaldiko garaipen guztiak. Sailkatze faseko berezitasunak direla-eta, partida bakoitzaren ostean pilotariek garaipen horiei garrantzia kendu nahi izan baldin badiete ere, Bilboko enpresak gogo onez hartu du bere bikote guztiek jasotako uzta oparoa.
Jardunaldiko lehen partidan txapela janzteko bi bikote faborito elkartu ziren Tolosan. Aurreko kodroetan, egungo buruz-buruko txapelduna lau t'erdiko txapeldunaren aurka aritu zen. Atzean, berriz, iazko binakakoaren irabazleak eta udako torneoetako bizkartzain fidagarrienak egin zuten topo. Eta azken hau izan zen, Iñaki Otxandorena alegia, laukoteko onena. Hasieran ihes egitea lortu ondoren, Asegarceko bikoteak ondo eutsi zion partidari. Azkenean, berriz, Olaizolaren trebeziak erabaki zuen partida. Asteko bi ezusteko handienak, ostera, ostegun eta larunbatez iritsi ziren. Teorian Asegarceko bi bikote ahulenak direnak ere Aspekoei gailendu zitzaizkielako. Bi aurrelariak, Oinatz Bengoetxeak eta Pablo Berasaluzek alegia, oso serio aritu ziren eta ezin hobe probestu zuten euren 'bizkartzainek' kantxa erdian erakutsiriko nagusitasuna.
Titin, «oso gaizki» Astelenan
Azken partida iragan igande arratsaldez jokatu zen, Eibarko Astelena pilotalekuan. Olaizola I.ak eta Oier Zearrak aise irabazi zieten Titin III.ari eta Abel Barriola ordezkatzen zuen Aitor Elkorori (22-15).
Olaizola I.ak eta Zearrak partida oso ona jokatu zuten. Aitor Elkoro zamatzeko asmoarekin irten ziren eta bete-betean lortu zuten beraien asmoa. Bikote gorrian, berriz, Elgetako atzelaria izan zen onena. Elkorok ondo eutsi zion zaparradari eta ia ez zuen hutsik egin. Titin, ordea, gaizki aritu zen, eta amore eman behar izan zuen Olaizolaren kolpe bortitzaren aurrean. Triziokoa urduri kantxaratu zen eta Elkorori lana kentzeko nahiak huts ugari eginarazi zizkion. Errioxarrak, erasoan kamuts aritzeaz gain, 11 huts egin zituen guztira; gehienak erasoan. Bukaerako bere hitzak izan ziren partidaren laburpen onena: «Oso gaizki aritu naiz, halere, hutsetatik ere badago zer ikasirik».
Asegarcek,lautik lau
Bilboko enpresako bikoteek irabazi dituzte Eskuz Binakako Txapelketako lehen jardunaldiko norgehiagoka guztiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu