Realarekin sinatu bezain pronto esan zuen Garitanok "ametsa bete" zuela, eta gaur, haren aurkezpenean, argi geratu da hori. Izan ere, oso garbi utzi du duela zazpi urte Orihuelan, Espainiako Bigarren B Mailan entrenatzaile lanetan hasi zenetik, beti izan duela helburu Reala zuzentzea. "Ez da kasualitatea une hauetan Realean egotea. Hona etorri nahi nuen, eta orain aukera izango dut, eta aprobetxatzen saiatuko naiz. Ilusio handia dut, beldurrik ez. Beste zerbait nahi nuen, eta Realean uste dut aukera izango dudala. Dena du".
Garitanok argi utzi du ere zein den bere helburua: onenekin lehiatzea. "Helburua ez da onenekin egotea bakarrik, haiekin nor baino nor gehiago lehiatzea baizik. Badakit oso zaila dela, liga honetan sekulako taldeak baikaude. Saiatuko gara, hala ere. Gutxienez haiengandik gertu egon nahi dugu. Talde ona dugu, eta gaia egon badago. Daukaguna mantentzea eta hobetzea da asmoa".
Alvaro Odriozolaren egoera izan da agerraldiko beste gai nagusia. Zenbait komunikabidek kaleratu dutenez, Real Madrilek jokalaria fitxatzeko asmoa du. Jokin Aperribai Realeko presidenteak azaldu duenez, inor ez da haiekin kontaktuan jarri. Horregatik ez du gaiaren inguruan argibide gehiago eman nahi izan. Garitanok, berriz, esan du Odriozolarekin hitz egin beharko dutela, haren asmoen berri izateko. Hala ere, azpimarratu du Realak "oso jokalari onak" dituela, eta alde horretatik "lasai" dagoela.
Aperribaik, halaber, zehaztu du ez dutela eskaintzarik jaso Willian Joserengandik. "Lasai gaude", adierazi du. Roberto Olabe futbol arduradunak, berriz, ukatu egin du Gabriel Pires Leganeseko erdilariarengatik eskaintzaren bat egin izana.