Azken egunetako zurrumurruak egia bihurtu dira. Asier Garitano izango da Realeko entrenatzailea datozen hiru denboraldietan. Unay Emery eta Javi Graciaren izenak ere mahai gainean egon diren arren, duela bi astetik bergararra zuen aulkirako lehentasun klubeko zuzendaritza batzordeak, eta gaur egin du ofizial albistea.
Jokin Aperribai presidentea eta Roberto Olabe kirol zuzendaria aste hasieran batu ziren Garitanorekin, eta bi aldeen arteko akordioa erabatekoa izan da. Hala, azken bi hilabeteetako ezegonkortasunari etena jarriko dio Realak.
Martxoaren 18an kargugabetu zuen klubak Eusebio Sacristan, Anoetan Getaferen aurka galdu ondotik. Entrenatzaile espainiarrak kontratua zuen datorren urtera arte, baina Aperribaik garbi zuen norabide aldaketa behar zuela taldeak, eta apustu sendoa egin du Leganeseko entrenatzaile ohiaren alde. Ondorioz, inoiz izan duen erronkarik handienari helduko dio Garitanok.
Kide berri bat dugu familia 🔵⚪🔵-ean! Utzi iezaiozu zure ongi etorri mezua #OngiEtorriAsierpic.twitter.com/x5pGamtWZo
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) 2018(e)ko maiatzaren 24(a)