Espainiako Superkopa Ligako eta Kopako irabazleen artean jokatzen da. Joan den sasoian Bartzelonak eraman zituen titulu biak. Ondorioz, Kopako txapeldunordeari egokitu zaio futbol udari distira ematen dion lehiaketa jokatzea. Jakinekoa da Superkopak ez daukala Ligaren eta Koparen garrantzia. Gainera, garaipenak ez du Europan parte hartzeko txartela ematen. Ondorioz, azken emaitzaren arabera ematen zaio garrantzia Superkopari. Irabazten duen taldeak gogotsu ospatzen du eta edozein txapelketa irabazteak merezi duen garrantzia ematen dio. Sasoi bukaeran denboraldia aztertzean inork ez du alde batera lagatzen. Hori bai, galduz gero, bigarren mailako txapelketaren izaera ematen zaio. Talde galtzaileak ez dio aparteko garrantzirik ematen porrotari.
Athletic ezin da azterketak egitearekin konformatu. Zuri-gorrientzat txapelketa garrantzitsua da. «Joan den sasoian egindako lanaren saria da», esan zuen Joaquin Caparrosek. Hori baino gehiago ere bada. Luzaroan onenengandik aparte eta Koparik altxatu barik dagoen talde batentzat final guztiak izan behar dira garrantzitsuak. Ezin da aukera txikiena pasatzen laga, ezin baita jakin noiz izango duen beste final bat jokatzeko hurrengo aukera.
Hala ere, badirudi zuzendaritzako kideek, entrenatzaileek zein jokalariek oraintxe beste helburu bat dutela gogoan: guztiek gura dute Superkopa altxatu, baina Europa Ligako ligaxkan parte hartzeko aukerak ilusio handiagoa sortzen duela dirudi. Arrazoi asko egon daitezke Europari Superkopari baino garrantzi handiagoa emateko. Denak ez dira positiboak, ordea. Litekeena da klubeko kide guztiek pentsatzea aukera gutxi dutela Bartzelona mendean hartzeko. Guardiolaren taldeak joan den sasoian hartutako bidetik jarraitzen du. Ohiko titularrek edo ordezkoek jokatuta ere erraz jokatzen du futbolean. Zelaian zer egin behar duen eta nola egin behar duen argi du taldeak. Beraz, bi partidatara jokatu behar dutela eta azkena txapeldunaren etxean jokatu beharko dutela kontuan hartuta, jokalarientzat ez da erraza izan behar irabazteko itxaropena izatea.
Bestalde, Norvegiako Tromsoe mendean hartzea eta sortu berri den Europa Ligako ligaxkan parte hartzea askoz ere errazago ikusten dute Athleticen. Batetik, talde zuri-gorria aurkaria baino hobea delako. Ondorioz, zuri-gorrien prestaketa aurrera doan heinean, aurkaria mendean hartzeko aukera ere handiagoa da. Bada, ligaxkarako sailkatuz gero, Ibaiganen lanean ari diren ekonomialariek eta jokalari askok ere lasaiago egingo dute lo. Ligaxkan parte hartzen duten taldeek gutxienez zazpi partida jokatuko dituzte. Ondorioz, diru sarrerak ere dezente handituko dira: irabazitako edo berdindutako neurketa bakoitzagatik UEFAk ematen duen diru saria, sarrera salmentak, publizitatea... arlo ekonomikoan denboraldi lasaia izateko aukera emango dio Fernando Garcia Makuaren lan taldeari. Horretaz gain, kirol arloan ere badauka garrantzia. Izan ere, lehiaketa bat gehiago jokatzeak txandatzeak egitera behartuko baitu Caparros. Horrek zenbait jokalariren futbol gosea eta ilusioa areagotuko du. Bide batez, jokalariak bakean eta lasai edukitzeko balioko dio Caparrosi.
Ordezkoentzako aukera
Beharbada, gisa horretako hausnarketa egingo zuen entrenatzaileak Javi Martinez eta Iker Muniain gaurko partidarako deialditik kanpo uztea erabaki aurretik, hil edo biziko partida balitz Caparrosek sekula ez bailuke utziko erdilari nafarra aukeratuen zerrendatik kanpo. Muniain, berriz, zeresana ematen ari da, baina seguruenik ez da komenigarria izango jokalariari lan karga handia ematea. Ez da egokia izarra izan daitekeena erretzea.
Horregatik, joan den denboraldian aukera gutxi izan zuten zenbait futbolarik hasieratik aritzeko parada izango dute. Atzealdean, adibidez, Ustaritz eta Koikili izango dira. Otxandioko ezker hegalekoak lehia polita izango du Castillorekin postuaren jabe egiteko. Abadiñoarrarentzat, berriz, azterketa garrantzitsua da. Ocio eta Amorebieta haren aurretik daude eta Athleticek Mikel San Jose gaztea fitxatu du defentsaren erdialdea indartzeko. Ondorioz, ematen dizkioten aukera guztiak baliatu beharko ditu jokatzeko gaitasuna duela erakusteko.
Gurpegi ere Ustaritzen antzeko egoeran dago. Caparrosekin jokatzeko aukerarik ez zuela aintzat hartuta, nafarra prest agertu zen Athletic utzi eta beste talde batera joateko, baina zuzendaritzak ate guztiak itxi zizkion. Beraz, hiru denboraldi ia jokatu barik egon ostean oso sasoi garrantzitsua da Andosillakoarentzat. Gabilondo ere hasieratik ariko da, luzaroan min hartuta egon ostean. David Lopez eta Diaz de Zerio, berriz, deialditik kanpo geratu dira. Errioxarra ez dago batere sasoi onean, eta donostiarrak denbora behar du oina sartzeko beldurra kendu eta erritmoa hartu ahal izateko.
Asko balio du Athleticentzat
Beste talde batzuentzat bigarren mailako txapelketa izango da Superkopa, baina zuri-gorrientzat garrantzitsua izan behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu