«Ligan balantzea ez da ona. Merezi baino hamar puntu gutxiago ditugu». Marcelo Bielsa ez dago pozik. Zuri-gorriek erakutsitako kalitateak uzta hobea merezi zuela uste du. Hamabost jardunalditan hemeretzi puntu irabazi ditu Bizkaiko taldeak; ez dira asko, eta Athleticek espero zuen puntu gehiagorekin ailegatzea Gabonetara. Zer esanik ez, orain arteko merituak kontuan hartuta. Lehen hilabetea txarra izan zen, baina jokalariak entrenatzaile argentinarra ulertzen hasi zirenean, aldatu egin ziren gauzak. Lezaman egindako lana partida ofizialetan islatzen hasi zen. Etxean, eta, batez ere, kanpoan, edozein talderi aurre egiteko gaitasuna duela erakutsi du, baina zuri-gorriek zelaian erakutsi duten nagusitasuna ez da islatu sailkapenean.
Eraginkortasunik eza da Athleticek duen gabezia nagusia. Presioari eta baloiaren jabetza oinarri duen jokoari esker, defentsan nabarmen hobetu da lana: askoz ere hobeto zainduta dago Iraizozek zaintzen duen atea. Ondorioz, aurreko denboraldietan baino gol gutxiago ari da jasotzen. Halaber, ikuslearentzat ikusgarriagoa da Bielsak proposatzen duen jokatzeko era; beraz, pentsa liteke zaleak ere gusturago egongo direla. Baina futbolean emaitza baloratzen da gehien. Eta eraginkortasuna falta zaien taldeek ez dute emaitza onik lortzen. Hori ari zaio gertatzen Athletici: azken bi hilabete eta erdian inor ez da izan Athletic baino gehiago; ia partida guztiak irabazteko aukera izan du, baina askotan ez du ereindakoa jasotzerik izan.
Horregatik ez dago gustura zuri-gorrien entrenatzailea. Eta horregatik da garrantzitsua Zaragozaren kontrako neurketa irabaztea. Javier Agirrek zuzentzen duen taldea kirol eta erakunde mailako krisi sakonean dago. Ez da oraingo kontua, gainera: lehen Mailara itzuli zenetik ditu arazoak. Kontua da hamabost jardunalditan hamar puntu baino ez dituela irabazi, eta, ondorioz, Espainiako Ligako talderik txarrena da. Hortaz, nahiz eta puntu premia larria izan, pentsatzekoa da ez galtzea ontzat emango duen talde batek bisitatuko duela Katedrala.
Lehia berezia Herrerarentzat
Zaragozak ez du aparteko arriskurik hartuko. Berriz ere zuri-gorriek izango dute jokoaren ekimena eramateko ardura. Eta dagoeneko jakina da Athleticek zenbat arazo dituen atzean sartzen diren taldeen kontra. Zaragoza, ordea, ez da defentsan lan ona egiten duen taldea; batez beste, ia gol bi sartzen dizkiote neurketa bakoitzeko. Eta, gainera, ez dirudi talde apalek duten jarrera erakusten duenik. Agirrek futbolean ondo joka dezaketen hainbat jokalari ditu bere aginduetara.
Ander Herrerak lehen aldiz jokatuko du txikitatik hazi eta hezi zuen taldearen kontra. «Berezia izango da, baina nik irabaztea baino ez daukat buruan». Jokoa antolatzeko ardura duten futbolarien zehaztasunaren eta baloia azkar mugitzen duten gaitasunaren arabera jokatuko du ondo edo erdipurdi Athleticek, Bielsaren joko ausartak kalitatea eskatzen baitu, talentua pasean eta talentua errematean. Bielsak ezingo ditu zelairatu Iraola eta Llorente.
Asko balio du gaurkoak
Jokoan erakusten ari den nagusitasunari eraginkortasuna gehitu behar dio Athleticek Zaragozaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu