Athleticeko izarra da Fernando Llorente (Iruñea, 1985). Kostatu zaio garrantzitsua izatea, baina Lezamako egunerokoan egindako lanari eta Joaquin Caparrosen konfiantzari esker barruan daraman guztia emateko gai izan da. Erdipurdiko talde bat Europarako bidean ipini du. Asko dauka emateko, baina baliteke Bartzelonaren kontra ez aritzea, belaunean min baitu. Jokatzerik ez badauka, bi taldeetako izar nagusiak faltako dira: Messi eta bera.
Atzo egin zuten Espainiako Kopako final-hamaseirenetako zozketa. Alcorcon egokitu zaizue. Gainditu beharrekoa kanporaketa bat da.
Bai. Ez da aurkari erraza izango. Aurreko sasoian Real Madril kanporatu zuen, eta hori egiteko gai den talde bati errespetua zor zaio. Ezin gara fidatu, bestela aurkari gaiztoa izango da.
Kopa lehentasuna da?
Kopa oso garrantzitsua da guretzat. Txapelketa bat irabazteko dugun biderik aproposena da. Irabazten ahalegindu behar dugu.
Kopako kanporaketari aurre egin aurretik ligan aritu beharko duzue. Etzi Bartzelona hartuko duzue. Kataluniarrek ez dute galdu garaipen gosea.
Oso neurketa gogorra izango da. Bartzelonari aurre egitea oso gaitza da. Guardiolaren taldeari baloia kentzea nekeza da, eta horrek nekea eragiten dio aurkariari. Baloia eskuratu eta ez oparitzea izango da neurketa gureganatzeko giltzetako bat. Hori ez badugu egiten, ordaindu egingo dugu.
Ehunekoetan, zenbat aukera ematen dizkiozu Athletici irabazteko?
Ez naiz ausartzen kopuru bat ematera. Eurak dira faborito. Guk gure onena ematea eta Bartzelonak ate aurrean ez asmatzea espero dut.
Lau jardunaldi jokatu ostean, ez da gauza bera lau punturekin egotea edo zazpirekin egotea. Mallorcari irabaztea garrantzitsua izan al da Bartzelonaren bisita lasai prestatzeko?
Oso garaipen garrantzitsua izan zen. Mallorca mendean hartzea ezinbestekoa zen. Ez da ahaztu behar Bartzelonarekin jokatu ostean Valentziarekin neurtu beharko ditugula indarrak.
Urrian neurketa zail-zailak jokatu beharko dituzue: Bartzelona, Valentzia, Zaragoza eta Sevilla. Zenbat punturekin konformatuko zinateke?
Sekula ez dago jakiterik. Bartzelonari irabazten badiogu, aurreikuspenak aldatu egin beharko genituzke. Eta uste dut ez dela ezinezkoa Bartzelonari irabaztea.
Jokoan egongo diren puntuetatik erdiak lortzea ontzat emango zenuke?
Aurkariak goi mailakoak direla aintzat hartuta, bi partidatik bat irabaztea oso batez besteko interesgarria litzateke.
Lehen lau jardunaldietatik hirutan sartu duzu gola. Ez dago zuri askoz gehiago eskatzerik.
Ni ez naiz egindakoarekin konformatzen. Gehiago gura dut. Aurrelariok gola sartzetik bizi gara.
Unerik gozoenean zaude?
Bai. Azken hilabeteotan ohikoak ez diren lorpenak eskuratu ditut. Horrek konfiantza eman dit, eta hazi egin naiz futbolari gisa.
Posible al da burutik kentzea Munduko Kopa irabazi zuten jokalarietako bat izan zinela?
Lehiaketa hasten denean, ohartzen zara aurrera egin behar dela. Etorkizunari aurre egiteko, ez du ezertarako balio orain arte lortutakoak. Borrokan jarraitu behar dut.
Hobeto joka dezakezu?
Bai, ziur. Oraindik ez dut eman eman dezakedan guztia. Gaztea naiz. 25 urte ditut, eta uste dut asko dudala ikasteko eta hobetzeko.
Athleticek ematen al dizu barruan duzuna emateko aukera?
Baietz esango nuke. Neurketa bakoitzean dena ematen dut, eta horrek hobetzen laguntzen dit.
Gustatuko litzaizuke talde handi batean zer emateko gai zaren probatzea?
Oraingoz neure oraina eta etorkizuna talde zuri-gorriari lotuak daude. Sasoi honetarako eta beste bi urterako kontratua daukat. Ezin dut gehiago esan. Inork ez daki zer gertatuko den etorkizunean.
Duela hiru denboraldi Athleticeko zaleek ez zuten konfiantzarik zure jokoan. Orain, berriz, Katedraleko nagusia zara. Denbora gutxian asko aldatu da zure kirol bizitza.
Gogor egin dut lan hamaikakoan lekua izan eta jokalari garrantzitsua izateko. Ni aldatu egin naiz, baita taldea ere.
Hogei gol sartzea kopuru ona al da denboraldi honetarako?
Ikaragarria litzateke.
Athleticen zu zara erreferentzia. Horregatik egiten duzue, besteak beste, joko zuzenaren alde. Hala ere, ez litzateke egokiagoa izango erasoko jokoa gehiago lantzea?
Joko zuzena oso ondo dakigu egiten. Baina badakigu gauza gehiago egiten. Sportingen aurka oso ondo jokatu genuen. Konfiantza hartu eta gozatzeak izan behar du gure helburua.
Fernando Llorente. Athleticeko jokalaria
«Asko daukat ikasteko eta hobetzeko»
Ligako lehen lau jardunaldietan hiru gol sartzeaz gain, sasoiko dagoela erakutsi du. Halere, belaun batean min du, eta baliteke Bartzelonaren aurka ez jokatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu