Realak puntu bat gehiago du sailkapanean, Valladoliden gaur lortu duen berdinketari esker. Baina gutxi izan den ustearekin geratu dira txuri-urdinak. Izan dutelako aukerarik baloia aurkariaren areara hainbat bider iritsarazteko, eta sortu dituztelako aukera batzuk gola sartzeko. Zailena ondo egitea falta zaio: azkeneko pasea eta azkeneko errematea. Gola, azken batean.
Imanolek ezusteko batekin atera du hamaikakoa: Gebara ipini du euskarrian, Zubeldiaren ordez. Beste gainontzean, betikoak aritu dira, Zalduaren partez (txartel pilaketagatik ezin izan du jokatu) Gorosabel jarrita. Aldaketa txiki horiek ez dute ezertan aldatu jokatzeko eredua, eta Reala baloiaren jabetzan oinarritu nahian jokatzera atera da. Lortu du, gaia baduelako horretarako, eta Valladolidek kontraerasoaren aldeko hautua egin duelako nagusiki, askotan egin ohi duen bezala.
Eroso ibili dira Realeko jokalariak aurkaria menderatu nahian, eta baloiaren jabetzarekin lortu egin du hainbatetan etxekoen area zapaltzea. Asmatzea zen gakoa, eta asmatzen ez zenean edota jokaldia bukatzen ez zenean, etxekoen kontraerasoa geratzea. Imanolek partida ondoren esan duenak ondo azaltzen du Realak nolako partida egin duen: "Etxekoak baino gehiago izan gara, partida nahi genuen bezala joan da, baina ez dugu asmatu gola sartzen". Hala ere, lehen zatian, aukera onena Herviasek izan du etxekoentzat, Eibarreko eta Realeko jokalari ohiak langara bota duelako baloia.
Willian Josek aukera ona izan du bigarren zatiaren hasieran, baina kanpora egin du jaurtiketa. Sandrok, aurreko sasoian Realean aritu zenak, gola sartu du 60. minutuan, baina baliorik gabe geratu da. Remirok Guardiolari geldiketa ona egin dio gero, eta Oiarzabalek aukera ona izan du ondoren. Realak hobeto bukatu du partida, baina Isakek eta Oiarzabalek ez dute asmatu gola sartzen.
Berdinketa honekin Realak goian segituko du sailkapenean, Europara sailkatzeko lekuetan. Datorren larunbatean, partida handia dauka zain etxean, Bartzelona datorkiolako.
FITXA
Valladolid 0: Masip; Moyano, Kiko Olivas, Salisu, Nacho
(Pedro Porro, 65. min); Hervias (Oscar Plano, 70. min.), San Emeterio,
Michel, Toni Villa; Guardiola eta Sandro (Anuar, 81. min.).
Reala 0: Ramiro; Gorosabel, Llorente, Le Normand,
Monreal; Odegaard, Gebara, Merino; Portu (Barrenetxea, 90. min.),
Willian Jose (Isak, 69. min) eta Oiarzabal.
Epailea: González Fuertes. Txartel horiak: Realeko Le Normand, Oiarzabal, Isak eta Llorenteri.