Baionak ezin izan zuen ezer egin atzo. Stade Français irabaztera etorri zen Euskal Herrira, sailkapenean beharrean baitzegoen, eta etxeko taldea baino hobea izan zen. Baionak aurkari hobearen aurka galdu zuen. Fisikoki Stade Françaisek min emateko taldea du, eta horrela gertatu zen atzo. Gibelean ere abiadura handiko jokalariak ditu, eta ez zuten barkatu.
Hala ere, gordetzeko moduko gauzak erakutsi zituzten baionarrek. Joan zen astean Akizen ez bezala, aldi honetan Baionak jokoan egin nahi duena argi ikusi zen Jean Dauger zelaian. Aitzinean fisikoki gailentzen ahal diren jokalaririk ez du talde xuri-urdinak. Lafittek salbu, packeko zortzi jokalariek bizitasunean dute indarrik onena, eta ez fisikoan. Atzo aitzinean eremu txikian pase laburrak egiten saiatu ziren, eta asmatu zutenean Parisko defentsa zulatu zuten. Aitzineko joko txiki horren ondorioz etorri zen, erraterako, euskaldunen lehen entsegua.
Gibelean ere jokatzen saiatu ziren euskaldunak, ekimena hartzen. Horrela, Iñigo eta Gowerren arteko jokaldi onak egoera arriskutsuak ekarri zituen, Iñigoren entsegua kasu. Nahiz eta galdu, lapurtarrek hartu beharreko bidea argi dute, eta etorkizunerako ona da hori.
Baina Stade Françaisen gisako talde indartsu bati irabazteko, asmo onak baino gehiago behar dira. Joko asmoak petoak ekartzen ditu. Eta paristarrek ongi baino hobeki erabili zituzten baionarren petoak. Partida hasierako lehen hamar minutuetan, Baionak baloia urruntzen ez zuen jakin, eta hamar minutuz min egin zion Parisek, entsegu bat eta zigor kolpe bat sartuz.
Hernandezen inguruan ederki jokatu zuen Parisek, eta jokoaren kontrolean Baionak baino langa bat gorago zegoela erakutsi zuen Top 14ko txapeldunak. Abiadura, hautu onak, eta petorik ez; edo petoak egitean baloia gordetzeko ahalmena. Horri guztiari aitzinekoen indarra erantsita, ezinezkoa zen atzo Parisi irabaztea.
Baiona, oraingoz, asmoetan gelditu da. Jokaldiak petorik gabe bukatzea falta zaio, eta arrisku egoeretan puntuak sartzea. Hurrengo asteetako lehentasuna izanen da hori. Jokaldien bururatzearekin batera, Baionako aitzinekoek eskasak landu beharko dituzte. Atzo ere, eskas gehiegi huts egin zituzten baionarrek, eta azken datu hau oso kaltegarria da. Izan ere, baloiak irabazteko tresna handiena da eskasa, eta haien baloiak garbi ateratzen ez dute asmatzen baionarrek. Eskasen afera kezkagarria da, duela pare bat hilabete agertutako gabezia baita, eta oraingoz erantzunik ez diote atzeman baionarrek. Aste honetan oporretan izanen dira xuri-urdinak, baina oraindik lan asko dute aitzinean Top 14ko sasoia bukatu arte.
Baiona 14
Stade Français 36
Ikusleak: 13.818.
Lehen zatia: 6-0.
Baiona: Lafond (Kopaliani 40 min), Hegi (Roumieu 47 min), Fiorini; Springgay, Lafitte (Tewhata 57 min); Bernad, Massabeau, Deen (Elgoihen 63 min); Salle-Canne (Lopez 49 min), Edmonds; Iñigo, Gower, Dourthe (kapitaina), Gerber (Lhande 66 min); Elhorga (Vermis 22 min).
Stade Français: Roncero (Marconnet 76 min), Blin (Weber 50 min), Marconnet (Attoub 50 min); Lokotui (Du Plooy 63 min), Milton; Burban (Martin 66 min), Rabadan, Taylor; Fillol (Bouhraoua 72 min), Beauxis; Arias (Jeanjean 5 min), Bousses, Bastareaud, Saubade; Hernandez.
Markagailua: Baiona. Bi entsegu: Edmonds (19 min), Iñigo (64 min), bi entsegu gauzatze: Dourthe (19, 65 min), Stade Français. Bost entsegu: Saubade (16 min), Roncero (22 min), Marconnet (26 min), Hernandez (59 min), Bastareaud (74 min), lau entsegu gauzatze: Hernandez (17, 26 min), Beauxis (59, 75 min), zigor kolpe bat: Hernandez (11 min)
Markagailuko gorabeherak: 0-3; 0-10; 7-10; 7-15; 7-22 (atsedenaldia) 7-29; 14-29; 14-36.
Epailea: Jérôme Garces.
Asmo ona ez da nahikoa irabazteko
Baiona baino hobea izan da Stade, eta laputarrek eskasetan hobetu behar dutela erakutsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu