Sasoia hasi zenetik dabil ametsetan Bidasoa, eta ez du esnatzeko asmorik. 22 urte geroago Asobal koparako sailkatzea nahikoa balentria ez balitz, finala jokatuko du, eta titulu bat irabazteko lehian ariko da 21 urte geroago. Bartzelonaren aurka lehiatu zen azkenekoz txapel bat jokoan zela, 1997ko abenduaren 21ean, Irunen (Gipuzkoa), Europako Superkopan. Eta hain zuzen, Bartzelonarekin neurtuko ditu indarrak bihar, 19:00etan (Esport3 eta La LigaTV aplikazioa), Lleidan (Herrialde Katalanak), Asobal kopako finalean.
Granollers kanporatu du Bidasoak finala jokatzeko, ondo kanporatu ere. Nagusitasunez irabazi dio gaur lehen finalerdian: 30-25. Duela 25 urte jokatu zuen Irungo taldeak azken aldiz Asobal kopako finala, Moguerren (Espainia), eta txapeldun izan zen, Tekari 27-23 irabazita.
Atzetik aurrera eginez nagusitu da Bidasoa. Hiru gol zen atzetik bigarren zatiaren lehen bost minutuak jokatuta: 15-18. Erraz ari zen Granollers, eta larri Bidasoa. Rodrigo Salinas, Rudy Seri, Kauldi Odriozola... Zenbait jokalari garrantzitsu min hartuta dituzte irundarrek, eta haien falta nabarmenagoa egin zen minutuek aurrera egin eta nekea pilatu ahala. Baina bere burua arriskuan ikusi duenean suspertu egin da Irungo taldea. Sasoi honetan horrenbeste garaipen eman dizkien bi oinarri izan ditu makulu, gora egiteko: defentsa sendoa eta kontraeraso bizi eta eraginkorra. Horri esker, 35. minututik 50. era joan den ordu laurdenean 11-1eko partzialarekin zigortu du Granollers: 26-19. Iñaki Cavero nabarmendu da minutu horietan, Bidasoako eskuin hegaleko irundarrak txikitu egin baitu aurkaria kontraerasoan. Hala, Irungo taldeak zazpi golen aldea zuen partida amaitzeko hamar minutu falta zirela. Sekulako txakalaldia izan ezean, berea zen garaipena. Eta hala izan da.
Bidasoak Bartzelona izango du aurkari bihar finalean. Kataluniako taldeak 28-21 irabazi dio Ademarri bigarren finalerdian. Kirolean, ustekabeko handiak gertatu izan dira. Bada, handia ez, ezusteko itzela gertatu beharko luke gaur Bartzelonak titulua ez bereganatzeko. Xavi Pascualek entrenatutako taldeak irabazi egin ditu azken zortzi ligak, azken zazpi Asobal kopak eta azken bost Espainiako Kopak. Ligan, partida bakarra galdu du azken bost urte eta erdian. Bidasoak, adibidez, duela hamasei urte irabazi zion azkenekoz. Argi dago nork izango duen presioa. Irundarrak gozatzera pistaratuko dira. Merezita irabazi dute horretarako aukera. Disfrutatzeko momentua da.