Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Aspaldian ez bezain hurbil

Gaur hasiko da Espainiako Vuelta, ibilbide menditsu batekin; Euskal Herrian amaituko dira bi etapa, hamazazpi urte geroagoIazko erorketa ahaztuta, Igor Anton garaipenerako faborito nagusien artean dago

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Aspaldian ez bezain gertu. Euskal txirrindularitza zaleak gertu sumatuko du aurtengo Espainiako Vuelta. Hurbil, ibilbidea, hamazazpi urte geroago, Euskal Herrian barneratuko delako. Bi etapa amaiera izango ditu, Bilbon eta Gasteizen, irailaren 9an eta 10ean. Hurbil, garaipenerako faborito nagusietako bat euskal herritarra delako: Igor Anton (Euskaltel-Euskadi). Iaz hatz puntekin ukitu zuen, eta aurtengo ibilbidea malkartsuagoa denez, aukera polita dauka. Eta hurbil, adituen ustez Euskaltel-Euskadik osatu duelako bederatziko indartsuena.

1994ko maiatzaren 7an iritsi zen Vuelta azkenekoz Euskal Herrira. Iruñean Laurent Jalabertek altxatu zituen bi besoak. Hurrengo egunean bertatik irten eta La Cruz de la Demandako gainerantz abiatu ziren txirrindulariak. Ia bi hamarkada pasatu dira Vuelta, berriz ere, euskal errepideetan barrena ikusteko. Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko ekimena izan da, eta Patxi Mutiloa kirol zuzendariak «normaltasun» zantzutzat jo du. Alderdi politiko abertzaleek gogor kritikatu dute neurria. Kirol ikuspegitik ere kritikatu dute erabakia, Urkiolako Igoera edo Euskal Bizikleta bezalako probak diru urritasunagatik desagertu diren bitartean, Gasteizko eta Bilboko udalek Vueltari eman dizkiotelako sosak. Halere, ez dirudi beste hamazazpi urte pasako direnik Vuelta Euskal Herrira itzultzeko, litekeena delako hurrengo urteko itzulia Iruñean hastea. Nafarroan beste etapa bat jokatuko litzateke, Aralar inguruan.

Azken astean sartuko da Vuelta Euskal Herrian, irailaren 9an egingo duelako itzuliak Nojatik Bilborako bidea. Gueñestik sartuko da, eta 100 kilometro egingo ditu Bizkaian barrena, Bilboko zirkuituari bi itzuli eman aurretik. Esprinterrentzako egokia izango da kale nagusiko helmuga. Azken-aurreko etapa, berriz, bere osotasunean jokatuko da Euskal Herrian. Bilbotik irten eta Gasteizen amaituko da.

Vuelta Euskal Herrira itzultzeak bigarren maila batean utzi du ibilbide malkartsua. Mendate asko eta gogorrak ditu; igotzaileentzat egina dirudi. Hamar etapa menditsu ditu, eta horietatik sei gainean bukatuko dira. Erlojupekoak bi dira, 13,5 kilometroko taldekakoa, gaur, eta 47 kilometroko bakarkakoa, hilaren 29an, Salamancan. Ibilbideaz gain, kontuan hartzeko beste aldagai bat beroa izango da, aurten ohi baino astebete lehenago hasiko delako itzulia. Lehen etapak, gainera, Espainia hegoaldean jokatuko dira.

Lehen mendate gogorra laugarren egunean igoko dute txirrindulariek, Sierra Nevada, 23 kilometroko mendate luzea. Lehen galbahea egiteko balioko du etapa horrek, eta tropela lasaitzeko. Bost egun geroago iritsiko da bigarren koska: La Covatilla. 18 kilometro ditu, baina azken seiak dira gogorrak, %13ko pendizadun aldapekin.

Hiru egun geroago, Montaña Manzanedako eski estazioan bukatuko da 11. etapa. Bukaerakoa da etapako mendate bakarra, hori bai, oso gogorra. 19 kilometrotan 1.136 metroko desnibelari aurre egin beharko diote txirrindulariek. Tarterik gogorrenak erdi aldera daude. Itzuli handi bat bertara iristen den lehen aldia izango da. Hurrengo etapak mendate txikiz josita daude, Asturiasera iritsi arte. Irailaren 3an Lagos de Somiedon bukatuko da etapa, 16 kilometro luzeko mendatean. Hurrengo egunean igoko dute Angliruko pareta. 12 kilometro baino ez ditu mendatetzar horrek, baina edozein txikitzeko modukoa da: %21eko eta %23ko tarteak ditu, eta kilometro oso bat ia %20ko pendizarekin dauka.

Antonen konfiantza

Antonek ere erakarriko ditu euskal zaleak, aspaldiko partez euskal txirrindulari bat itzuli handi bat irabazteko faboritoen artean ageri baita. Iaz eroriko batek eten zuen bere bidea, baina aurten ibilbidea are aldeago du. Mendian zalaparta sortzeko talde egokia du eta luxuzko morroiak: Mikel Nieve eta Amets Txurruka.

Aurkarien zerrendan bi izen nabarmendu behar dira: Vincenzo Nibali iazko txapelduna (Liquigas), eta Denis Mentxov (Geox). Nibali aurten hirugarren izan da Giroan, eta Mentxovek bi aldiz irabazia du Vuelta. Joaquim Rodriguez (Katuxa) eta Michele Scarponi (Lampre) ere hautagai sendoak dira. Zalantza gehiago sortzen dute Bradley Wigginsek (Sky), Jurgen Van den Broeckek (Omega Pharma Lotto), Andreas Kloeden eta Janez Brajkovicek (RadioShack)...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.