PILOTA

Aspe eta Jaka-Zabaleta nagusitu dira binakakoaren lehen itzulian

Amaitu da Binakako Txapelketaren lehen itzulia. Lehia nahiko parekatua izan da, baina pixkanaka-pixkanaka, zabalduz ari da muturren arteko aldea sailkapenean. Aspe nagusitu da, eta Jaka-Zabaleta izan da bikoterik indartsuena.  

Erik Jaka eta Jose Javier Zabaleta, joan den igandean, Artola-Imazen aurka lortutako garaipena ospatzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2020ko urtarrilaren 7a
09:28
Entzun

Jokatu dute jada Binakako Txapelketaren aurreneko ligaxkako lehen itzulia. Hilabete eta erdiko lehia izan da, zazpi jardunaldi eta 28 partida. Hona orain arteko jardunak emandako zenbait gako.  

Lehia nahiko parekatua

Salbuespenak salbuespen, txapelketa nahiko parekatua izaten ari da. Galtzaileek hamasei tanto egin dituzte partidako, azken binanakoan baino bi gehiago. Hain zuzen, 22-16koa izan da gehien izan den emaitza: bostetan. Ez da egon alde handiko neurketa askorik: bost aldiz besterik ez dira geratu galtzaileak hamar tanto egin gabe. Aldiz, zazpi bider egon da bi tanto edo gutxiagoren aldea. Iraupenari eta pilotakadei dagokienez, lehen jardunaldian izan ziren neurketarik lehiatuena eta desorekatuena. Iruñean, Olaizola II.a-Urrutikoetxeak Bengoetxea VI.a-Aretxabaletari 22-21 irabazitakoa izan da luzeena eta borrokatuena: ia ehun minutu, eta 937 pilotakada. Egun bat geroago, berriz, Bergaran (Gipuzkoa) Jaka-Zabaletak Irribarria-Rezustari 22-5 irabazitakoa izan da laburrena eta desorekatuena: 40 minutu eskas, eta 368 pilotakada baino ez. 

Aspe, ondo; Baiko, pattal

Sailkapenari erreparatuta, argi dago Aspeko bikoteak izan direla nagusi. Aurreneko hiru sailkatuak dira enpresa horretakoak: Jaka-Zabaleta, Altuna III.a-Ladis Galarza eta Ezkurdia-Martija; Baikoko bi datoz gero: Artola-Imaz eta Laso-Albisu; Aspeko Irribarria-Rezusta ondoren; eta Baikoko beste biak dira azken biak: Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena. Bi enpresek elkarren aurka jokatutako hamasei partidetatik hamabi irabazi ditu Aspek, eta lau baino ez Baikok.

Alde handia egon da hautagaien jardunean

Binakakoa aurkeztu zutenean, hiru bikote ibili ziren ahoz aho: Jaka-Zabaleta, Irribarria-Rezusta eta Olaizola II.a-Urrutikoetxea. Bada, lehen itzulia jokatuta, Jaka-Zabaleta bakarrik ari dira iragarpenak betetzen. Oso sendo ari dira: partida bakarra galdu dute, eta tanto bakar batengatik, 22-21, Laso-Albisuren aurka, laugarren jardunaldian. Aurrelaria min handia egiten ari da, eta atzelaria sekulako kolpearekin dago. Txakalaldirik izan ezean, haiena izango da finalerdietako ligaxka zuzenean jokatzeko aukera ematen duten bi tokietako bat.

Irribarria-Rezustak, ordea, asko hobetu beharko dute zuzenean sailkatu nahi badute. Eskas ari dira 2017ko txapeldunak eta iazko txapeldunordeak: hiru neurketa irabazi dituzte, eta lau galdu. Aurrelaria oso gorabeheratsu ari da, eta atzelaria, bere jardunetik koska bat beherago.

Okerrago ari dira 2016ko txapeldunak, Olaizola II.a-Urrutikoetxea: bi partida baino ez dituzte irabazi. Osasun arazoengatik, bost baizik ez dituzte jokatu elkarrekin —Aretxabaletak bitan ordezkatu du Urrutikoetxea—, eta irregular aritu dira. Azken-aurrenak dira, eta gora egin behar dute bidean ez geratzeko.

Altuna III.aren eta Ezkurdiaren sasoia, Artola-Imaz...

Altuna III.a-Ladis Galarzak, ordea, behetik gora egin dute, lehen bi partidak galdu eta gero irabazi egin baitituzte hurrengo bostak. Atzelaria gorabeheratsu dabil, baina, haren zorionerako, aurrelaria erabakigarria izaten ari da.

Gorako bidean dira Ezkurdia-Martija ere, azken lau partidetatik hiru irabazi baitituzte —lau garaipen dituzte—. Altuna III.a-Galarzarekin alderatuta, biak ala biak ari dira ondo: aurrelaria eraginkor, eta atzelaria, seguru.

Artola-Imaz dira ezustea. Baikoko bikoterik apalena ziren, eta enpresako onenak dira, lau garaipen lortuta. Haien jardunak, halere, goitik behera egin du, lehen hiru partidak irabazi eta gero galdu egin baitituzte azken lauretatik hiru. Hala ere, ondo ari dira.

Garaipen bat gutxiago dute Laso-Albisuk. Gorabeherak izaten ari dira, baina konfiantza emango die azken partidan Irribarria-Rezustari irabazi izanak.

Eta inork konfiantzarik behar badu, horiek Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena dira. Garaipen bakarra lortu dute, 22-21, Laso-Albisuren aurka, bigarren jardunaldian —Aretxabaletak Mariezkurrena ordezkatu zuen lehen bi saioetan—. Ordutik jokatutako bost partidak galdu dituzte. 

Itxura ona harmailetan

Txapelketak pilotazalea erakarri du. Ohi legez, betekada izan da Gabonetan Astelenan jokatutako hiru jaialdietan, baina aurretik ere pilotazale asko izan da frontoietan. Orain dator garairik zailena.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.