Pilota

Aspek zigortu egingo du Sebastian Gonzalez

«Profesionaltasun faltagatik» dela jakinarazi dio enpresak pilotariari, baina oraindik ez du zigorra erabaki

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko maiatzaren 13a
20:16
Entzun

Aspek Sebastian Gonzalez zigortuko du «profesionaltasun faltagatik», eta aurki jakinaraziko dio zein den zigorra. Gau goizen bildu dira bi aldeak eta pilotariaren azalpenak entzun ondoren diziplina neurriak hartzea erabaki du enpresak, baita webgunearen bitartez publiko egin ere. Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak zehaztu duenez, Gonzalezek, iragan  larunbat goizean —Urrutikoetxearen aurka jokatu behar zuen egunean bertan— buruz buruko txapelketako partida ezin zuela jokatu enpresari jakinarazi zionean, «Frantziako erdi aldean» zegoen, «Iruñetik bospasei ordutara autoz»  eta hori «onartezina» da.

Erandoneaz gain, Fernando Bidarte eta Jose Vicente Perosanz, Aspeko buru eta abokatua, hurrenez hurren,  bildu dira Gonzalezekin. Iragan astean pilotaria ez zen agertu ez buruz burukoaren aurkezpenera, ezta pilota aukeraketara, eta partidaren bezperan auto batek oina harrapatu eta min hartu zuen zuen. Pilotariak bere ikuspuntua plazaratu du bileran. Enpresako medikuak, halaber, lesioa benetakoa zela baieztatu zuen, baina Errandonearen esanetan hori ez da garrantzitsuena, «edozein une edo tokitan min hartu dezakezulako».

Gonzalez senide gaixo bat zaindu behar zuelako ez zen agertu aurkezpenera, enpresaren baimenarekin, eta Errandoneak ulertzen du erabaki hori, baina ondorengo «gertaerek» profesionaltasun falta erakutsi dute bere iritziz. «Argi dago gaixo dagoen familiako kide bat lagundu behar zaiola, baina onartezina da garrantzi honetako partida baten aurretik bost edo sei ordu gidatu behar izatea».

Errandonearen esanetan, Gonzalezek «atsekabetuta» utzi du bilera. Enpresaren asmoa zigorra «ahalik eta bizkorren» zehaztea da eta hura ere publiko egingo lukete. Normalean enpresek ez dituzte publiko egiten neurri diziplinarioak, horrek bilakatzen du kasu hau berezi. Aspek noizbait eten izan du kontraturen bat, Ibai Perezen kasuan esaterako, baina ez dirudi oraingoan halakorik gertatuko denik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.