Aspekoek aseko dute egarria

Eibarko enpresak irabazi du ardoaren desafioa Titin III.a-Barriola eta Retegi Biren garaipenei esker

Barriola pilota astintzen, Begino begira duela, binakako txapelketako partida batean. JON URBE / A. PRESS.
jon eskudero
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Sanmateoetan binakako torneoak izan ohi du oihartzunik handien, pilotarien palmaresa aberasten duen lehia baita. Baina ardoaren desafioa ere indarra hartzen ari da azken urteotan. Aspek eta Asegarcek elkarren kontra neurtzen dituzte indarrak, eta inork ez du galdu nahi izaten. Batetik, ardoa eskuratzeko; eta bestetik, jokoan ohorea dagoelako. Tentsioa nabaria izaten da pilotalekuan, eta hori ederki antzeman zen atzo Adarragan. Bada, tentsio horri hobeto egin zioten aurre Aspeko pilotariek, eta Eibarrera joan ziren ardo onduz betetako 1.200 botilak.

Jaialdiko lehen neurketan ez zen kolorerik egon, eta Lemunok aise hartu zuen mendean Cecilio, buruz buru. Beste bi partidak irabaztera derrigortuta zegoen Aspe, eta halaxe egin zuen. Titin III.a eta Barriola ondo kostata nagusitu ziren Berasaluze VIII.a eta Beginoren kontra. Alde handiaz galduz joan ondoren, partidari buelta ematea lortu zuten. Hirugarren norgehiagokan erabaki zen nora joango zen ardoa, eta Eibarko bidea hartu zuen. Retegi Bi lan asko eginda nagusitu zen Olaetxearen kontra, lau t'erdian.

BURUZ BURUKOA

Cecilio6
Lemuno22


Profesionalen mailako partida baino gazte mailakoen artekoaren antz handiagoa izan zuen buruz buruko partidak. Alde handia egon zen bi pilotarien artean, eta Lemunok arazo handirik gabe lortu zuen garaipena. Bogotakoak dohain ugari ditu banaka aritzeko, eta, Cecilio airez ongi defenditu zen arren, ezin izan zuen piloteoan agindu. Emaitzak erakusten du haien arteko aldea. Nahierara jokatuz, Asegarceko aurrelariak mota guztietako tantoak egin zituen aurrean.

BINAKA

Titin III.a-Barriola22
Berasaluze VIII.a-Begino20


Esku-eskura eduki zuen Asegarcek ardoaren desafioa, baina azken txanpan ihes egin zion. Jaialdiko partida nagusiak denetarik izan zuen, momentu onak eta ez hain onak. Neurketaren lehen zatia ez zen gogoratzeko modukoa izan, hamazazpi tanto jokatu eta soilik bi izan baitziren egindakoak. Bere txarrean, hobeto moldatu ziren urdinak. Bigarren zatian, baina, ederki aldatu ziren kontuak. 15-6 ziren aurretik Berasaluze VIII.a eta Begino, baina ez zuten jakin izan aldeari eusten. Barriola seguru jokatzen hasi zen, eta Titin III.ak bere gain hartu zuen erantzukizuna erasoan.

Aspaldi ez bezala, fresko eta inspiratuta jokatu zuen Triciokoak, eta, atzelariaren laguntza bikainarekin, ez zien aukerarik eman aurkariei. Guztira hamabi egin zituen errioxarrak, ia denak bigarren zatian, harmailetako zaleen zoramenerako. Datu horrek erakusten du Titin III.aren balentria. Barriolak ere lan ona egin zuen. Hasieran pattal antzean aritu zen, pilota asko galduz; baina kantxari neurria hartuz joan zen heinean, askoz hobeto moldatu zen. Bost hilabete geldirik egon ondoren, ezin zaio gehiago eskatu leitzarrari. Azken txanpan pilota oso zailak ipini zituen frontisean.

Berasaluze VIII.a eta Begino, bestalde, zuritik beltzera pasa ziren istant batean. Ongi jokatzen hasi, eta huts asko egin zituzten, eta desafioa lau t'erdiko partidaren emaitzaren baitan utzi zuten.

LAU T'ERDIKOA

Retegi Bi22
Olaetxea20


Zalantzarik gabe, jaialdiko neurketarik onena jokatu zuten Retegi Bik eta Olaetxeak lau t'erdiaren barruan. Ezaugarri on guztiak izan zituen lehiak: gogortasuna, kalitatea, emozioa... Olaetxea aurretik joan zen partida guztian (12-18), baina amaieran ez zuen jakin izan errentari eusten. Bi pilotariok sasoi oso onean iritsiko dira ostegunean aurkeztuko den lau t'erdiko txapelketara.

Binakako finala, gaur

Olaizola II.a-Beroizek eta Irujo-Merino I.ak gaur jokatuko dute binakako finala (17:00, ETB1). Ez dago faborito garbirik, eta, enpresa bakoitzak udan hiruna torneo irabazi ondoren, gaur hautsiko da berdinketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.