Ophelie Aspordek (Baiona, 1991) seigarren amaitu du ur irekietako 10 kilometroko proba. Eva Risztovek (Hungaria) irabazi du urrea 1.57.38ko denborarekin. Haley Andersonek (AEB) eskuratu du zilarra, Risztoven denbora bera eginda, elkarrekin helmugaratu baitira. Brontzea, berriz, Martina Grimaldik (Italia) eraman du, lehenengoengandik hiru segundora.
Baionan hezitako 21 urteko igerilaria lehian aritu diren parte hartzaileen arteko gazteena da, eta lehen hamarren artean bukatzea zuen helburu. Urrezko domina irabazteko faborito nagusia Keri-Anne Payne britainiarra zen, egungo munduko txapelduna, baina laugarren amaitu du.
Guztira, 25 igerilari aritu dira gaur Londresko Hyde Parkeko Serpentine aintziran; ur hotz, geldi eta ez oso sakonetan. Aspord eskarmentu faltaren beldur zen irten baino lehen.
Jaiotzez Bordelekoa da, baina Aspord umetan joan zen Baionara bizitzera, eta kirol ibilbidea Baionako Aviron klubean egin zuen, ikasketak zirela medio Tolosara joan behar izan zuen arte (Okzitania).