Amaitu da kalbarioa. Edo kalbarioaren zati bat. Mikel Astarloza gaur itzuliko da lehiara, Burgosko Itzulian, bi urteko zigorra bete ondoren. 2009ko uztailaren 31n jakinarazi zioten 2009ko ekainaren 26an egindako analisi batean EPO arrastoak aurkitu zituztela. Pasaitarrak hasieratik ukatu zuen legez kanpoko ezer hartu zuela. «Sekula ez dut onartuko egin ez dudan zerbait». Bi urteotan irmo eutsi dio tesi horri. Astarlozak abokatuen esku utzi zuen kasua, eta Madrilgo epaitegi arruntetik helegitearen berririk iritsi ez bada ere, lehiaketara itzultzeko moduan da pasaitarra.
Astarloza zorioneko agertu da bere webgunean eginiko adierazpenetan, eta lehiara itzultzeko ilusioz. «Etapa berri bati ekingo diot, hasiberri baten ilusio eta beterano baten esperientziarekin. Etapa berri hau moztu zuten lekuan hasiko da, etxeko taldean, Euskaltel-Euskadi taldean». Azken urteotan kirolaren «alderdi ilunena» bizi izan duela nabarmen du, eta aspektu tekniko batzuek kirolari baten bizitzan izan dezaketen garrantziaz ohartu dela. Kirolaren berezko balioen transmisioan «subjektu aktibo» izan nahi du, aurrerantzean, bere iritziz balio horiek ahalbidetuko dietelako promesa gazteei «euren ametsak» lortzea. Era berean, kirol garbiaren aldarria egiten jarraituko du. «Ardura hau izanik, beti bultzatu ditut, bultzatzen ditut eta bultzatuko ditut gure antolatzaile zein nazioarteko eragileek azpijokorik gabe eta kirol garbi baten alde antolatutako ekintzak». Azkenik, jendaurrean eskertu nahi izan zituen azken urteetan jasotako bultzada, animo eta elkartasun keinuak.
TXIRRINDULARITZA
Astarloza bihar itzuliko da lehiara, Burgosko Itzulian, Euskaltelekin
2009ko ekainaren 26an positibo eman zuen pasaitarrak, EPOarekin, eta bi urteko zigorra bete behar izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu