Denboraldi osoa bi partida jarraian irabazi gabe eginez gero, zaila izaten da mailari eustea, eta Osasunako jokalariek ondo baino hobeto dakite hori, orain bi denboraldi Jose Angel Zigandaren aginduetara sasoiko azken partidako azken minutura arte sufritu behar izan baizuten mailari eusteko, denboraldi osoan bi partida jarraian irabazteko gaitasunik ez izan ostean.
Iragan sasoian ere asko kosta zitzaien gorritxoei bi partida jarraian irabaztea: 28. jardunaldian Espanyoli 1-0 irabazi zioten, eta Vicente Calderonen 2-4 nagusitu ziren, eta bi garaipen soilik ez, 30. jardunaldian Nafarroako Erresuman Athletici 2-1 irabazita hiru partida kateatu zituzten segidan gorritxoek. Gero, sasoiko azken bi partidak irabazi zituen Camachoren taldeak: Bartzelona eta Real Madril menderatuz. Gaur, 2009-2010 denboraldian lehen aldiz bi garaipen jarraian lortzeko aukera izango dute gorritxoek, eta asteazkenean Valladoliden sasoiko lehen partida irabazi ostean Sporting Nafarroako Erresuman menderatu eta bolada on bat hasi nahi dute nafarrek, bide batez sasoi hau aurreko biak baino lasaiagoa izango dela sinesten hasteko.
«Partida bat irabazten duzunean apur bat erlaxatzeko arriskua izaten da, eta hori oso kaltegarria izan daiteke guretzat, era honetako partidetan aurkariak ez baitira erlaxatzen. Hamar gizonekin edo hamaikarekin izan, Sportingek etengabe korrikan jarraitzen du, eta gure deskuiduak baliatzeko prest izango dira une orotan»,esan zuen Camachok atzo.
Eta, bai, aurrean aurkari arriskutsua izango du Osasunak gaur. Egia da Ligako aurrekonturik txikienetako bat duela Sportingek, eta etxean jokatuta Osasuna faboritotzat ere jo daiteke. Baina iragan sasoian Sportingek gorritxoen zelaian eman erakustaldia ez dago ahaztuta. Ez dute Ligako izarren osperik, baino Diego Castrok, Carmelok, Michelek, Barralek eta Bilicek kalitatea badutela erakutsi zuten Nafarroako Erresuman, martxoan.
Eta, iragan sasoikoa gogoan, Camachok loreak eskaini zizkion atzo Sportingi: «Gure mailako taldeen artean onentsuenetakoa da Sporting. Ondo egiten dute lan, korrika gogoz egiten dute, eta une oro badakite zertan ari diren. Iragan sasoian Sportingen aurkako partida jokatu aurretik irabazita genuela zirudien, eta gertatu zena gertatu zen gero. Sasoi honetan ere bide beretik goazela esan daiteke, eta nik argi daukat Sportingi aukera bat emanez gero Sportingek ustekabea emango duela. Nire ustez Bartzelonaren edo Real Madrilen aurka jokatzea baino askoz zailagoa da Sportingen aurka jokatzea», adierazi zuen atzo gorritxoen prestatzaileak.
Eta gaur arratsaldekoa ere antzeko partida da Osasunarentzat. Orduan baino estutasun gutxiagorekin iritsiko dira partidako ordura, Liga hasi besterik ez delako egin. Baina estutasunak erabat saihesteko, gaur arratsaldekoaren gisako partidak irabazi behar ditu Osasunak. Azken bi denboraldietan Osasunak bolada on bakar bat ere ez du izan, eta bolada txarra berriz ia-ia 2007an hasi eta gaur arte luzatu dela ere esan daiteke. Joera hori aldatzeko ordua bada, eta horretan ahaleginduko dira gaur nafarrak.
Hasierako hamaikakoaren inguruko arrastorik ez zuen eman Jose Antonio Camachok atzoko entrenamenduan, baina deialdian ez zen inolako berritasunik izan, eta Valladoliderako hautatu hemezortzi jokalariak deitu zituen atzo ere gaur arratsaldeko lehiarako.
Astea biribildu nahi dute
Valladoliden sasoiko lehen partida irabazi zuten, eta, orain, etxean Sporting menderatu eta bolada on bat hasi nahi dute gorritxoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu