Osasunak gaur aurkeztu du neguko merkatuan fitxaturiko bigarren jokalaria, Cristian Lobato kataluniarra. Belaunean ebakuntza egin zioten, eta "aste batean edo bitan" jokatzeko prest egongo dela ziurtatu du: "Lasai nago. Badakit ongi egongo naizela eta jokatuko dudala. Ia osatuta nago".
24 urte ditu Lobatok, eta talderik gabe zegoen. Ekainaren 30era arte arituko da Iruñean. Esan duenez, beste talde batzuen eskaintzak izan ditu, baina nahiago izan du gorritxoekin jokatu. Hegaletik jokatzea du gustuko, eta jokalari "azkar eta kalitatezkotzat" jo du bere burua.