FUTBOLA

Asteburu borobila euskal taldeentzat

Garaipenak lortu dituzte Oiartzunek, Athleticek eta Realak.

Oiartzun 2-0 nagusitu zaio Granadillari. ARGAZKI PRESS
2015eko azaroaren 22a
18:08
Entzun

Asteburu oparoa izan da euskal taldeentzat Espainiako Lehen Mailako 10. jardunaldiarena. Igande goiz-eguerdiz jokatu dute Oiartzunek, Athleticek eta Realak, eta hirurek eskuratu dituzte hiruna puntu.

Oiartzunek ez zuen partida erraza, Karla Lekuona zelaian Granadilla jasota. Oiartzuarrek, ordea, partida sendoa jokatu dute, defentsan batez ere. Kostata heldu dira etxekoak arerioaren areara lehen zatian, baina aukera gehiago izan dituzte bigarrenean. Horrela, 68. minutuan Olatz Hoyosek area kanpotik jaurti eta aurretik jarri du etxeko taldea. Berdinketa hautsita, jokoa ere apurtu egin da, eta bi taldeek izan dituzte gola egiteko aukerak. Azkenean, Nerea Muruak egin du partida erabakita utzi duen gola, 82. minutuan.

Pauso garrantzitsua eman du sailkapenean Oiartzunek, garaipenari esker. 10 puntu ditu orain talde gipuzkoarrak, eta 11. postuan da sailkapenean.

Athleticek, bestalde, Atletico Madrilekin berdinduta jarraitzen du sailkapeneko buruan, Santa Teresari irabazi ondotik. Yulema Corresek egin du garaipenaren gola zuri-gorrientzat, 77. minutuan. Horri esker, Athleticek 28 puntu ditu, eta bolada onari jarraipena eman dio.

Realak, berriz, Levante arerio zuzenaren bisita jaso du Zubietan, eta maisuki nagusitu dira txuri-urdinak. Beste behin, Nahikari Garcia izan da jokalari erabakigarria, hark egin baititu etxekoen hiru gol, eta Garciak berak eman dio azken pasea Izaskun Leozi bigarren golean.

Sailkapenean laugarren postuan da orain Reala, 22 punturekin. Hurrengo jardunaldian, Athleticek eta Realak derbia jokatuko dute Lezaman, eta Oiartzunek Levanterekin jokatuko du Valentzian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.