Olaizola II.a eta Beroiz: bikain; Arretxe II.a eta Begino: kaxkar zein zorterik gabe; Berasaluze VIII.a eta Albisu: uste baino hobeto; Bengoetxea VI.a-Apraiz eta Titin III.a-Merino II.a: ez atzera ez aurrera; eta Xala eta Laskurain: esnatzen hasita. Egoera horretantxe utzi ditu sei bikote horiek joan den asteburuan jokaturiko4. jardunaldiak. Batzuk sailkapenaren postu gozoetan, eroso. Besteak motorra azkartu beharrean. Denetariko emaitzak egon dira, baina asteburua, oro har, ilun eta triste samarra izan da. Bai partida txarren erruz, eta baita Arretxe II.ak buruan jaso zuen pilotakadagatik ere.
Izugarria izan baitzen Albisuk buruan eman zion kolpea. Hitz batean, beldurgarria. Zazpigarren koadrotik abiadura bizian irten zitzaion pilota Ataungo atzelariari, eta lauko marraren alboan begira zegoen Arretxe II.a bete-betean kolpatu zuen. Ziplo erori zen lurrera. Bi minutu igaro ondoren, nola-hala erretiratu zen aldageletara, odol arrastoz josita, eta ospitalean pasa zuen gaua. Zortea, berriz ere, gutxien behar zuenaren alde ipini zen. Berasaluze VIII.ari eta Albisuri partida irabazitzat eman zitzaien: 22-1. Beraz, puntu garrantzitsuaz gain, tanteo aparta lortu zuten. Hargatik amaitu dute jardunaldia uste baino hobeto.
Larunbatean kolore bat eta bakarra nagusitu zen Iruñean, Olaizola II.a eta Beroizen gorria. Erakustaldia eman zuten Bengoetxea VI.a eta Apraizen aurka (22-9), eta garaipen horrek kritikakugaritu egin ditu. Bikoteen artean dagoen hainbesteko desorekak laguntzen al dio ikuskizunari? Bengoetxeak eta Apraizek lan asko egin beharko dute finalerdietako txartela lortzeko.
Esnatu direnak Xala eta Laskurain dira. Bikote indartsua osatu arren, ez zebiltzan fin, baina herenegun lehen puntua lortu zuten Logroñon, Titin III.a eta Merino II.a 22-16 menderatuta. Bi bikoteak puntutan berdinduta daude, lehen lau postuei gertutik erreparatuz.
Atzo jakitera eman zutenez, Azpeitian, Logroñon, Bilbon eta Tolosan jokatuko dira datorren asteburuko partidak. Hori baino lehen, dena den, Irujo-Barriola eta Lasa-Zubieta bikotek 4. jardunaldiko azken neurketan ariko dira bihar, Mungian.
Asteburu triste samarra
Irujo-Barriolak eta Aritz Lasa-Zubietak bihar jokatuko dute 4. jardunaldiko azken partida, Mungian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu