Astelehenetako ajea

Osasunak hiru aldiz jokatu zuen astelehenez joan zen denboraldian, eta ez zuen partida bakar bat ere irabazi

Iruñea
2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Telebista eskubideen jabeen eraginez, astelehenetan ere Lehen Mailako partidak jokatzen hasi ziren iragan sasoian -urte batzuk atzera ere jokatu ziren-. Osasunak inork baino gehiagotan jokatu zuen astelehenetan, hiru aldiz. Gauza bat argi geratu zen, gainera: astelehenak ez dira futbolean jokatzeko; ez behintzat Osasunarentzat. Estatistikak argigarriak dira: ez zuen partida bakar bat ere irabazi (bat berdindu zuen, eta bi galdu).

Atletico Madrilen zelaian aritu ziren gorritxoak astelehen batetan jokatutako lehen norgehiagokan, 2010eko martxoaren 15ean. Osasuna txukun aritu zen, baina Juradok 78.minutuan area kanpotik egindako jaurtiketa batean gola lortu zuen Atletico Madrilek, eta 1-0 galdu zuen Jose Antonio Camachok zuzendutako taldeak. Mallorcaren zelaian ere astelehen batean jokatu zuten gorritxoek, apirilaren 19an. Orduan ere zorterik ez zuten izan nafarrek. Ruben erdiko atzelariak geldikako jokaldi batean aurretik jarri zuen etxeko taldea lehen zatian, eta bigarren zatian berdinketaren bila gogor aritu arren, Osasunak 2-0ekoa jaso zuen amaieran, arauzko denbora agortzear zenean Keitak Mallorcarentzat egindako gol baten erruz. Astebete geroago, Athleticen aurka Nafarroako Erresuman ere astelehenean jokatu zuen Osasunak. Etxean jokatuta gorritxoek astelehenetako madarikazioari amaiera eman ziezaioketela zirudien. Baina derbia hutsean amaitu zen. Etxean jokatu arren, astelehenak Osasunarentzat egun onak ez direla argi geratu zen berriz.

Horregatik, datorren astelehenean joera aldatzen ahaleginduko dira nafarrak Mestallan, Valentziaren aurkako norgehiagokan. Laugarren aukeran irabazten ahalegindu beharko dute nafarrek, azken bi partidak galdu ostean beste erremediorik ez baitaukate.

Baikor izateko baino ezkor izateko arrazoi gehiago daude, dena dela. Astelehenean, igandean edo larunbatean jokatu, etxetik kanpo jokatzen duenean Osasunaren alde apustu egiteko ausarta izan behar da benetan, nafarrek azken hamabost irteeretan ez baitute partidarik irabazi. Urtarrilaren 31n lortu zuten azken aldiz etxetik at irabaztea, Vila-realen 0-2 nagusitu zirenean. Harrezkero, hamar hilabete pasatan hamabost aldiz jokatu du Camachok entrenatutako taldeak Nafarroako Erresumatik kanpo, eta estatistikak negargarriak dira: hamalau partida galdu ditu eta bakarra berdindu. Iragan sasoiko azken zortzi irteeretan galdu egin zuten gorritxoek, eta sasoi honetan etxetik at jokatutako zazpi partidetatik sei galdu egin dituzte. Deportivoren zelaian hutsean berdindu izana da etxetik kanpo lortutako emaitzarik onena. Sasoi honetan, gainera, etxetik kanpo jokatutako zazpi partidetan gol bakarra egin dute gorritxoek: Nekounamek penaltiz egin zuen, Santanderren 4-1 galdu norgehiagokan.

«San Mamesen itxura ona eman genuen, baina hori soilik ez da nahikoa. Bolada txar honi amaiera eman behar zaio lehenbailehen, eta horretan ahaleginduko gara Valentziaren zelaian», esan zuen herenegun Sergio Fernandezek, Osasunako erdiko atzelari beteranoak. Baikor eta gogotsu daudela eman nahi zuen aditzera, baina baikor izateko arrazoi gutxi dituzte Osasunako jarraitzaileek.

Mestallako madarikazioa

Hori gutxi balitz bezala, astelehenetan jokatzeak eta etxetik at jokatzeak aspaldi Osasunari ezer onik eman ez baldin badio, Mestallan jokatzeak ere ez du ezkortasuna ezkutatzeko arrazoirik ematen. Gorritxoek 31 aldiz jokatu dute Ligan Mestallan, eta bi alditan soilik irabazi dute. Benetan zelai madarikatua da Valentziarena gorritxoentzat. 31 partidetatik 22 galdu dituzte, zazpi berdindu eta bi eskas irabazi. Real Madrilen zelaian izan ezik -26 partida galdu dituzte Bernabeun, bost berdindu eta bi irabazi-, beste zelai guztietan Valentziaren zelaian baino sari hobeak lortu izan ditu Osasunak. Eta horrek argi uzten du datorren astelehenean ere lana gogor egin beharko dutela gorritxoek punturen batekin itzultzeko Mestallatik Iruñera.

2003-2004 denboraldian, Javier Aguirrerekin, lortu zuen azken garaipena Osasunak Mestallan. Gorritxoek ez zuten golik sartu, baina partidaren amaieran Pellegrino atzelari argentinarrak bere atean sartutako gol bati esker nagusitu ziren gorritxoak. Harrezkero Mestallan jokatutako sei partidetan Osasuna ez da gol bakar bat egiteko gai izan, eta golik egin gabe puntuak batzea oso zaila dela gauza jakina da. Batik bat, aurrean Soldado eta Aduriz bezalako golegile trebeak daudenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.