Astillerok irabazi zuen Portugaleteko erlojuaren aurkakoa, baina oso gertu izan zuen Meira. Segundo pasatxoko tartea besterik ez zen egon bien artean. Denbora berean ere ibili ziren une askotan. Baina kantabriarrak hobeak izan ziren. Hori gertatzea nahikoa zuen Pasai Donibanek San Miguel ligara itzultzeko, larunbateko emaitzak kontuan hartuta. Lana bukatu aurretik bazekiten goian zirela. Hala ere, espero baino okerrago ibili ziren. Larunbatean hogei segundo kendu zizkioten Meirari, baina igandean, hamabi pasa atera zizkieten galiziarrek. Neurri batean, ezustea izan zen hori.
Horiek horrela, datorren urteko ligan Galiziako ontzi bakarra izango da: Tiran. Gipuzkoak sei ordezkari izango ditu, Bizkaiak bakarra, eta Kantabriak hiru. Pasai Donibane igo izanak Getxori ere mesede galanta egin dio, KAE 2tik KAE 1era igotzeko txartela eman diolako.
Sailkapena
IGOTZEKO KANPORAKETA (2)1. Astillero 19.23,28
2. Meira 19.25,92
3. Pasai Donibane 19.38,76
AZKEN SAILKAPENA
1. Astillero 5 puntu
2. Pasai Donibane 4 puntu
3. Meira 3 puntu