Astindu handia, eta berdinketa

San Antoniok 39-25 galdu du Valladoliden pistan, eta Arratek berdinketa batekin ekin dio Asobal ligari

Erredakzioa
Donostia
2010eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Larri antzean ekin diote bi euskal taldeek Asobal ligari. Larri antzean, ekonomikoki estu-estu daudelako bai San Antonio eta bai Arrate, eta larri antzean, iruindarren kasuan bereziki, aurkaria gogorra zelako. Mailari eustea beste helbururik ez dute izango nafarrek eta gipuzkoarrek, eta bide horretan lehen pausoa eman zuen atzo Arratek, Alcobendasen pistan 27-27 berdinduta. San Antoniok, berriz, espero zen astindua jaso zuen Valladoliden (39-25). Balizko lau puntuetatik bakarra. Tamalez, eta ezuste handirik ezean, dezentetan errepikatuko da hori denboraldian zehar.

San Antoniok oso partida zaila zeukan atzo, Valladolid ligako talderik indartsuenetakoa delako. Hamar minutuko hauspoa izan zuten nafarrek, baina hortik aurrera erabat makal jokatu zuten. Makal erasoan, asmatu ezinik, eta oso makal atzean, Valladoliden erasoa gelditu ezinik. 2-1, 6-3, 8-5... Jokoa motela, eta markagailuan alde nabarmenik ez. Baina Perales kantxaratzearekin batera piztu zen etxeko taldea. Zortzi gol sartu zituen, eta berak hautsi zuen partida lehen zati horretan, kontraerasoan. 19. minutuan 12-6 ziren atzetik nafarrak, eta 20-12 iritsi ziren atsedenaldira. Zortzi goleko aldea, eta bi taldeen artean alde nabarmena.

Juan Apezetxea entrenatzailea saiatu zen taldea berregituratu eta tentsioa areagotzen. Baina lehen zatiaren jarraipena izan zen bigarrena. Erasoan joko bikaina egin zuten etxekoek, eta atsedenaldian zortzi golekoa zen aldea 13koa bihurtu zen 53. minutuan. Azkenerako 39-25, astindu handia, eta larritzen hasteko arrazoi dezente. Datuei begiratu besterik ez dago. Valladolidek 20 gol sartu zituen lehen zatian, eta 19 bigarrenean. San Antoniok, berriz, 12 lehen zatian, eta 13 bigarrenean.

Oso puntu ona Arraterentzat

Puntu bat, eta eskerrak. Eskerrak, 52. minutuan 27-23 zelako aurretik Alcobendas. Etxekoek gol bakarra sartu zuten azken hamabi minutuetan, eta gipuzkoarrek horixe baliatu zuten Asobal ligari puntu batekin ekiteko. Hala ere, ez da komeni atzo bi taldeek eman zuten itxura ahaztea. Alcobendasek Arratek baino talde hobea daukala erakutsi zuen ia partida guztian. Gipuzkoarrek Tokic eta Redeiren behar handia daukate, eta edukiko dute aurrerantzean ere.

2-3 aurretik jarri bai, baina Alcobendasek berehala lortu zuen alde polita markagailuan (11-7). Atzean estututa, hala ere, 13-13 iritsi ziren atsedenaldira. Etxekoek bi minutuko bost zigor jaso zituzten, eta horri esker gerturatu zen Arrate, une oro. Azkenerako 27-27. Partida nola joan zen ikusita, puntu ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.