Astindua, eta finalera

Irujok eta Pascualek ez diete aukerarik eman Saralegiri eta Beginori, eta sanmateoetako finala jokatuko dute

Erredakzioa
Iruñea
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Juan Martinez de Irujo eta Iñigo Pascual. Bi pilotariok osatutako bikotea da Logroñoko sanmateoetako feriako lehen finalista. Iberoko aurrelariak eta Abartzuzako atzelariak atzo ziurtatu zuten udako azken torneoko txapela irabazteko lehian aritzea. Nagusitasunez egin zuten, nagusitasun iraingarriz ia, 22-4 irabazi baitzieten Ekaitz Saralegiri eta Aritz Beginori. Azken emaitzak ez du uzten zalantzarako izpirik: Irujok eta Pascualek ez zieten aukera txikiena ere eman aurkariei. Faboritoak ziren, bai, baina inor gutxik espero zuen hain erraz irabaziko zutenik. Batetik, lehen partidan, garaipena lortu arren, itxura eskasa eman baitzuten Xalaren eta Laskurainen aurka. Eta, bestetik, haiek ez bezala, Saralegik eta Beginok oso lan ona egin baitzuten estreinako neurketan, eta ustekabean irabazi Xalari eta Zubietari. Atzo, ordea, berriz ere ezustekoa emateko aukeran pentsatzeko astirik ere ez zuten izan. Aurkariak goitik behera nagusitu zitzaizkien, hasi eta buka.

43 minutu eskas iraun zuen partidak. Irujok eta Pascualek hasi eta berehala egin zuten zazpi tantoren aldea (8-1). Saralegik eta Beginok gora egitea espero zen. Baina ezer ez, ez susperraldirik, ezta antzekorik ere. Haien ezina areagotu besterik ez zen egin. Irujok, bitartean, erasoko joko erakustaldia ematen jarraitzen zuen, Pascualek ondo babestuta. Kolpe batean, aldea bikoiztu zuten: 19-3. Lau tanto gehiago -irabazleek hiru eta galtzaileek bat-, eta kito. Akabo partida. Irujok udako bigarren finala jokatuko du -Lekeitiokoa irabazi zuen Barriolarekin batera-. Pascualek, berriz, lehena, sanmateoetakoa baita udan jokatu duen torneo bakarra.

Olaizola I.ak jokatuko du gaur

Irujok eta Pascualek gaur jakingo dute noren aurka jokatuko duten finala etzi. Bengoetxea VI.a eta Patxi Ruiz Olaizola I.a eta Apraizen aurka dira gaur. Bengoetxea VI.a eta Patxi Ruiz, irabaziz gero, finalerako sailkatuko dira. Aldiz, Olaizola I.ak eta Apraizek irabaziz gero, Titin III.ak eta Merino II.ak jokatuko lukete finala. Goizuetako aurrelaria da partidako berritasun nagusia. Hark ordezkatuko du Pablo Berasaluze. Berrizko aurrelariak ebakia egin zuen herenegun eskuin eskuan takoak jartzen ari zela, eta partida amaitu bazuen ere, ez dago bete-betean jokatzeko moduan.



Irujo-Pascual 22

Saralegi-Begino 4

Iraupena. 43 minutu.

Pilotakadak. 406.

Saketik. Irujok bost, Saralegik batere ez.

Markagailua. 0-1, 1-1, 8-1, 8-2,15-2, 15-3, 19-3, 19-4 eta 22-4

Bestelakoak. Giro ederra izan zen Adarragan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.