Noraezean ibili da Athleticek Sassuoloren zelaian, eta astindu handia hartu du Europa ligako lehen jardunaldian. Finalak eta tituluak aipatzen ari ziren asko eta asko lehiaketa hasi aurretik, baina italiarrek bere lekuan jarri dute talde zuri-gorria. Bigun defentsako lanean eta desagertuta erasoan, ezer askorik eskaini gabe egurtu du Sassuolok Athletic (3-0). Husnakoarekin amaitu da lehen zatia, baina bigarrenean galduta ibili da taldea. Lirolak, Defrelek eta Politanok sartu dituzte Sassuoloren hiru golak, Athleticek atzealdean egindako hutsak baliatuta.
Yeraik debuta egin du Europako lehiaketetan, eta Susaetak, berriz, Iribarren marka ondu du. Europan 55 partida jokatu zituen atezain handiak, eta 56.a pilatu du jada eibartarrak. Lehen zati apalaren ondoren, 54. minutuan zelairatu ditu Valverdek Aduriz eta Susaeta, baina orduantxe iritsi da taldearen hondamendia.
Azken unean Herrerinek 4-0ekoa saihestu du Ragusari egindako geldiketa onarekin. Nortasuna galduta, zaurituta gelditu da Athletic. Multzoko beste partidan Rapid Vienak 3-2 irabazi dio Genki. Irailaren 29an jokatuko dute zuri-gorriek bigarren partida, etxean, Rapid Vienaren aurka (21:05).