Buruz buruko txapelketen antolaketak baduela zer hobetu argi utzi du Enpresen Ligak aurten. Bigarren Mailakoa asteburu honetan hasiko da, Iruñean eta Eibarren, Asegarceko atarikoak bukatu eta egun bat geroago. Txapelketa Labriten hasiko da, larunbatean -Ruiz eta Beginoren arteko partidaren aurretik-, eta Iñigo Leizak Oier Mendizabalen aurka jokatuko du. Multzo horretako beste partida, berriz, igandean jokatuko da, Astelenan, Julen Retegi eta Mikel Beroizen, iazko txapeldunaren, artean.
Beste multzoko atarikoak ere asteburuan jokatuko dira, hirurak ostiralean. Zeberion bi antolatu ditu Asegarcek, Iker Arretxe Ibai Zabalaren aurka lehenbizi, eta Mikel Urrutikoetxea Kepa Peñagarikanoren aurka gero. Aspek bakarra du, Aritz Lasa eta Cabrerizoren artekoa, eta Duruelo de la Sierran (Gaztela eta Leon, Espainia), Cabrerizoren jaioterrian jokatuko da. Multzo horretako laugarren partaidea Aitor Zubieta da, eta zuzenean sailkatuta dago.
Asteburuko jaialdietan hainbat ez ohiko partida ikusi ahal izango dira, Lehen zein Bigarren Mailako txapelketa luzeek estelarretan aritzen diren pilotari ugari binakako partidetatik kanpo utziko dituztelako, eta aurrelari gazteek puntako aurkarian aurka jokatu ahal izango dute. Ostiralean, esaterako, Idoate debutatu berriak Titin III.arekin neurtuko ditu indarrak, Duruelon. Iruñekoak Laskurainekin jokatuko du, eta Triciokoak Ceciliorekin. Igandean, berriz, Eibarren, Xalak binakako txapela estreinatuko du jaialdiko aurreneko partidan. Lekuinekoak Merino izango du bikotekide, eta Olazabal eta Pascual kontario.
Atarikoak bukatuko diren asteburu berean hasiko da 2. Mailakoa
Asperen eta Asegarceren azken kanporaketak ostiralean jokatuko dira, eta txapelketako lehen partida larunbatean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu