Athletic-Alaves

Athletic 2-0 nagusitu zaio Alavesi, urteko lehen derbian

Etxeitak zortzigarren minutuan egin du lehen gola, eta Adurizek aldea handitu du 63.ean, penaltiz.

Athleticeko jokalariak Etxeitaren gola ospatzen, gaur, San Mamesen, Alavesen aurkako derbian. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
2018ko urtarrilaren 7a
20:31
Entzun

Athletic nagusitu da jokoan partidaren lehen minutuetan, eta berehala lortu du saria. Zortzigarren minutuan, Alavesen atea zulatu du Etxeitak. Kornerretik eginiko erdiraketa bote lasterrean errematatu du Etxeitak area erdian eta Alaveseko atzelari batean jo ostean, Pachekok ez du jaurtiketa gelditzea lortu.

Bi taldeetako batek ere ez du joko landurik egitea lortu lehen zatiko hurrengo minutuetan. Falta asko izan dira, eta aukera gutxi. Athleticeko aurrelari Williamsek sortu du arrisku gehien, baina ez du gol aukera garbirik izan.

Bigarren zatia lehenengoaren bidetik joan da lehen minutuetan. Jokoa inork kontrolatzea lortu ez duen arren, baloia gehiago ibili da Alavesen zelaian, Athleticenean baino.

Talde zuri-gorriak partida bideratu du 63. minutuan. Alexisek Raul Garciari penaltia egin diola adierazi du epaileak, eta Adurizek ez du aukera alferrik galdu.

Bi eta hutsekoarekin, Abelardo Alaveseko entrenatzaileak taldearen suspertzea bilatu du. Medran atera du zelaira Tomas Pinaren ordez, eta Sobrino Ibairen ordez. Alavesek ez du partidaren norabidea aldatzea lortu, ordea.

Athleticek gertu ditu orain Europrako sailkapen postuak, eta Alaves, aldiz, jeitsiera postuetan dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.