Txistuka eta artean gorputza bere onera ekarri nahian agurtu dituzte Athleticeko zaleek jokalariak. Joaneko partidako 2-4koarekin, ezer askorik ez zeukan berez Athleticen eta Celtaren arteko partidak, baina Espainiako Kopako final-laurdenetatik kanpo geratzeko zorian egon dira zuri-gorriak. Oso joko eskasa eginda, eta konfiantza erabat galduta, etxetik kanpoko golen balio bikoitzari esker egin du aurrera Athleticek. 0-2 irabazi du Celtak, Etxeitak bere atean (49. min.) eta Orellanak penaltiz (60. min.) sartutako golei esker, eta beste kolpe bat eman die bilbotarrei. Ligan Elxen aurka galdu ondoren (1-2), oso itxura eskasa eman du taldeak, eta krisi betean sartuta jarraitzen du taldeak. 0-2koarekin Aduriz, Susaeta eta Iraola zelairatu direnean baretu da, neurri batean, Celtaren erasoko jokoa, baina lan handia dauka egiteko Ernesto Valverdek. Zuri-gorriak Malagaren aurka ariko dira final-laurdenetan.
Realak, berriz, ezin izan du irauli Vila-realen aurkako kanporaketa. Joanekoan 1-0 galdu zuten txuri-urdinek, eta gaur 2-2 amaitu da partida. Donostiarrek indarrean ekin diote partidari, presio handia eginez eta aurkaria bere arean sartuz. Baina Gerard Morenok 0-1ekoa lortu du 27. minutuan, eta ia ezinezko bihurtu du Realaren balentria. Une horretan hiru gol behar zituzten txuri-urdinek, eta ilusio pixka bat sortu du atsedenaldira iristear zirela Velak sartutako golak. Baina Giovanni Dos Santosek 1-2koa lortu du 73. minutuan, eta hortxe geratu da erabakita kanporaketa. Granerok lortu du 2-2koa, 75. minutuan.