athletic-Manchester United

Athletic aurrera, nagusi

2-1 irabazi dio gaur Manchester Unitedi. Golegileak Llorente, De Marcos eta Rooney. 5-3 bukatu dute Europako Ligako final-zortzirenetako kanporaketa. Partidaren zuzeneko kontakizuna Berriketan.info-n. Bihar izango da final-laurdenen zozketa.

2012ko martxoaren 15a
21:15
Entzun

Munduko klubik handi eta ahaltsuenetakoa egokitu zitzaion Athletici Europako Ligako final-zortzirenetan —Manchester United—, baina kanporatu egin du. Eta nola! Lehengo astean Manchesterren 2-3 nagusitu zen, eta gaur, San Mamesen, 2-1. Denera, 5-3 kanporaketan. Handia egin du Athleticek Manchester Uniteden aurka. Memorian toki bat gorde du.

Antzera jokatu du bi partidetan: jokalariak ondo kokatuta, baloia mugituz, aurrealdean presioa eginez, Manchester janez. Bost gol egin dizkio. Manchesterrek hiru sartu ditu, baina hirurak Rooneyk sartu ditu, eta jokaldi solteetan; taldekideek ez diote batere lagundu. Athletic, aldiz, oroz gain, taldea izan da, kolektiboa. Eta jarraitzaileek, ohi bezala, babestu egin dute, han eta hemen; labea zirudien gaur San Mamesek.

Athletic: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe; Herrera (Perez, 81m.), Iturraspe, De Marcos; Susaeta, Llorente (Toquero, 40m.), Muniain (San Jose, 88m.).

Manchester United: De Gea; Rafael, Evans, Ferdinand (Smallingm, 63m.), Evra; Park, Carrick (Pogba, 63m.), Giggs  (Welbeck, 68m.), Young; Rooney, Cleverley.

Golak: 1-0 (23m.). Amorebietak bere zelaitik pasea Llorenteri, eta honek boleaz jaurtiketa gurutzatua eginda, gola. 2-0 (65m.): De Marcosek, Iraolaren erdiraketa batean baloia arean soltean geratu ostean. 2-1 (80m.): Rooneyk, area kanpotik.

Laburpena: 

- Lehen zatia: Athletic ondo aritu da, baloia mugitzen. Muniainek jaurtiketa zutoinera bota du 14. minutuan, eta ondoren De Marcosek kanpora, bakar-bakarrik zela. Manchesterrek arazoak izan ditu zelai erdian jokoa sortzeko; batzuetan hegaletatik sartu da, baina argitasun handirik gabe. Llorentek 40. minutuan zelaia utzi du, giharretako arazoekin.

- Bigarren zatia: Berdin jarraitu du Athleticek, ondo. Bigarren zatiko lehen jaurtiketa harena izan da, 2. minutuan (Iraolak); detaile ona. Iraola bera 2-0ekoa sartzear izan da 54. minutuan, area barruan sekulako jokaldia eginda. Ezin zuen Manchesterrek Athleticen presioarekin; honek oso goian egiten zuen kosk, eta maiz lapurtzen zuen baloia. De Marcosek 2-0ekoa egin du, 65. minutuan. Hirugarren gola egiteko aukera garbiak sortu dituzte etxekoek. Rooneyk, baina, 2-1ekoa sartu du, 80. minutuan. Halaxe amaitu da (2-1), eta kanporaketa, 5-3. Nagusi Athletic.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.