FUTBOLA

Athletic bikain (1-3) eta Reala pattal (2-2)

Talde zuri-gorriak erakustaldia eman du Spartak Moskuren zelaian, eta bideratuta utzi du Europa ligako final-hamaseirenetako kanporaketa. Txuri-urdinek, aldiz, berdindu egin dute Anoetan Salzburgorekin. Luzapenean sartu dute austriarrek bigarren gola.

2018ko otsailaren 15a
09:57
Entzun

Athleticek oin eta erdi du final-zortzirenetan, nagusitasunez irabazi baitio Spartak Moskuri, Errusiako hiriburuan. Zuri-gorriek lehen zatian utzi dute erabakita partida, aurreneko 45 minutuetan sartu baitituzte hiru golak. Adurizek egin ditu aurreneko biak, 22. eta 39. minutuetan, eta Kutepovek bere atean hirugarrena, aurreneko zatia amaitzear zela. Luiz Adrianok 1-3koa sartu du bigarren zatian, baina Athletic ez da urduri jarri, eta ondo eutsi dio aldeari. Erasoan eraginkortasun handia erakutsita hartu du mendean Spartak Mosku

Lan askoz zailagoa izango du Realak, bina berdindu baitu Anoetan, Salzburgoren aurka. Txuri-urdinek gaizki hasi dute norgehiagoka, 27. minutuan Rullik huts handia egin baitu korner batean, eta haren erruz, Oiartzabalek gola sartu baitu bere atean. Golak min handia egin dio etxeko taldeari. Hala ere, bigarren zatian indarrez ekin dio neurketari. Januzaj zelairatu du Eusebio Sacristanek, eta aldaketak mesede egin dio Realaren jokoari. Freskotasuna eman dio. Hala, Odriozolak banakoa lortu du 57. minutuan, bakarkako jokaldi bat bikain errematatuta. 80. minutuan, berriz, Januzajek buelta eman dio emaitzari, faltaz sartutako golari esker. Bazirudien horrela bukatuko zela partida, baina Minaminok binakoa lortu du 94. minutuan. Muturreko handia izan da Salzburgoren gola. Talde txuri-urdinari betiko mamuak azaldu zaizkio berriz.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.