Athletic 2-1 Tacon

Athletic, Espainiako Kopako finalerdietan

Garazik sartu ditu zuri-gorrien bi golak, penaltiz. Bizia izan da neurketa, eta erasoko jokoa izan da nagusi

ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 26a
22:21
Entzun

Athleticek Granadillaren aurka ekin zion Espainiako Kopari, final-zortzirenetan. Hiru urrats egin behar zituen final preziatura iristeko, eta dagoeneko bi egin ditu. Izan ere, Granadillaren ostean,  Tacon utzi du kanpoan final-laurdenetan: 2-1. Horrenbestez, finalerdietan da Angel Villacamparen taldea, eta begi bistan ageri zaie finala. Ez dute distira handiko norgehiagoka jokatu zuri-gorriek, baina Azkona eta Erika azti ibili dira bi penalti behartzeko, eta Garazik patxadaz eta eraginkortasunez baliatu ditu. Horri esker sailkatu da Athletic.

Kale edo baleko partida zen, eta bi taldeak partidaren bila irten dira. Villacampak, esaterako, gol sen handiko lau jokalari zelairatu ditu hasierako hamaikakoan: Erika, Azkona, Yulema eta Lucia. Taconek ere zelaian zituen bere jokalaririk arriskutsuenak: Jakobson, Jessica eta Asllani. Erritmo handikoak izan dira norgehiagokako lehen minutuak. Joko zuzena eginez, zuri-gorriak hegaletatik min egiten ahalegindu dira, euskarrian Oroz eta Damaris ondo zainduta baitzituen Taconek. Ez zieten baloia jasotzen uzten. Baina Orozek urrutitik egindako jaurtiketa bat izan da aukerarik argiena lehen hamabost minutuetan. Taconek, dena den, arrisku handia du zelai erditik aurrera, eta Jakobsonek tantaka erakutsi du Munduko Kopan nabarmentzea ahalbidetu zion buruz buruzko jokoa. Tirapuren ate aurrean, ordea, kamuts aritu da, eta hainbat jokalditan berekoiegia izan da. 

Bazirudien, dena den, neurketa Taconek nahi zuen lekuan zegoela. Futbolaren gatza eta piperra, ordea, golak dira, eta horretan Athleticek asmatu du aurrena. 32, minutuan izan da, bisitarientzat zorigaiztokoa izan den jokaldi batean. Area barruan, Ohalek gaizki aldendu du baloia. Azkona Taconen gainontzeko atzelariak bizkorrago ibili da haren bila joateko, eta Ainoak penalti inozoa egin dio. Granadillaren aurka egin bezala, Garazik tenple handiarekin jaurti du, eta aurretik jarri du Athletic.

Ordu laurden falta zen atsedenaldirako. Hortik aurrera sortu ditu lehen zatiko gol aukera garbienak Athleticek. Ainhoa Vicentek erdiraketa on bat egin du, eta, atzetik indarrez iritsita, gutxiagatik ez du gola sartu Erikak. Erreskadan, Zulema Gonzalez epaileak baliorik gabe utzi du haren beste gol bat, jokoz kanpo zegoelako. Aurrelaria min hartuta ibili da azken asteetan, baina beste adore eta eskarmentu erakustaldi bat eman du.

Athleticek aldea handitzeko aukera paregabea galdu du minutu horietan, eta luzapenean kolpea hartu du. Taconek banakoa sartu du, ia 47. minutuan, korner batean. Zuri-gorriak ez dira fin aritu baloia aldentzeko orduan;  Jessicari iritsi zaio bigarren zutoinean bakar-bakarrik zegoela, eta gola sartu du. Athleticeko jokalariak aho zapore txar horrekin joan dira atsedenaldira.

Kontrolik gabe

Bigarren zatia ere bizi hasi da. Athletic sakonago eta luzeago jokatzen ahalegindu da, hegaletatik Morazak eta Oihanek egindako igoerak baliatuz. Yulema 2-1ekoa egitear egon da, baina ez du asmatu errematean.

Ez talde batek, ez besteak ez dute lortu partidaren kontrola izatea. Gero eta irekiago zegoen lehia, eta batak zein besteak lor zezaketen gola. Baina hor azaldu da beste behin Erika. Azkonak behartuta erdiratu du. Erdiraketa ez zen ona, eta ziurrenik beste edozein jokalari ez zen ahaleginduko haren bila joaten ere, baina Erika eskola zaharrekoa da, baloi zailenagatik ere lehiatzen dena. Hala egin du, eta saria jaso du, Daianek penaltia egin baitio. Berriro ere Garazik hartu du jaurtitzeko ardura, eta, lehenengoan bezala, ez duhuts egin (65. min. ).

Ondo eutsi dio errentari talde zuri-gorriak. Taconek aukera gutxi izan du lehia berdintzeko; argiena, Thaisak. Baina haren erremateak zutoina jo du. Villacampak Unzue eta Valdezate zelairatu du. Partida amaitzear zela, Valdezatek aukera paregabea izan du kontraeraso batean 3-1ekoa egiteko. Sara atezaina gainditzea lortu du, baina, dena alde zuela, kanpora jaurti du. Hor amaitu da lehia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.