Maiatzaren 30ean Bartzelonan jokatu zen Espainiako Kopako finalean Espainiako ereserkeriari txistu egin zitzaiola-eta, kereila jarri du Manos Limpias sindikatuak Bartzelona eta Athletic kluben kontra. Sinbolo "nazionalak" gutxietsita Espainiari irain egin zitzaiola argudiatuta jarri du salaketa.
"Umiliazioa, iseka eta gorrotoa" sustatu zutela uste du Manos Limpiasek. Eta ez erakundeen kontra soilik; "gizarte espainiar osoa" iraindu zutela dio.
Bartzelonako epaitegietan aurkeztu duen salaketan bi klubak egin ditu txistualdiaren erantzule. Halaber, txistuak egiteko txilibituak banatu zituzten eragileen kontra ere zabaldu du salaketa. Espainiako Futbol Federazioko presidente Angel Maria Villarren deklarazio hartzea eskatu du, besteak beste.
Ikertzen
Hilaren hasieran Indarkeriaren Aurkako Espainiako Batzordeak informazio gehiago eskatu zien segurtasun indar eta antolatzaileei Espainiako ereserkiaren aurkako txistukada ikertzeko. Ez zuten baztertu taldeak eta federazioa zigortzea.
Batzordeak adierazi zuen lege-hauste bat egon daitekeela txistukadaren atzean. Txistukada antolatua eta bultzatua izan zelakoan zeuden batzordekideak, eta hor aurkitu zituzten delitu zantzuak. Era berean, gogorarazi zuten UEFAko arautegiak espresuki zigortzen duela ereserkiei txistu egitea.