Espainiako Kopa

Athletic eta Reala elkarren aurka ariko dira Kopako finalean (2-1)

Yurik 81. minutuan sartutako golak finalera eraman ditu zuri-gorriak. Sufritu dute, baina, gaurko partida galdu arren, Sevillan jokatuko dute apirilaren 18an.

Iñaki Williams baloiarekin, Granadako jokalarien aurrean. MIGUEL ANGEL MOLINA / EFE
2020ko martxoaren 5a
21:10
Entzun

Ez da erraza izan, baina gertatu da: Euskal Herriko bi taldek elkarren aurka jokatuko dute Espainiako Kopako finala. Athleticek joaneko partidan lortutako abantaila baliatu du gaur, etxekoek aurrea hartu baitiote markagailuan. Lehia handiko partida jokatu dute Granadaren Los Carmenes zelaian (Espainia). Granada gogor aritu da, eta bi gol sartu ditu bigarren zatian: lehenengoa, Fernandezek, hasi berritan; bigarrena, Germanek, korner batean errematatuta, 76. minutuan. Eskerrak Yuri iritsi den 81.enean kanporaketa erabakitzeko.

Athleticek presio handiarekin jokatu du, Granadak babes handia izan baitu etxean. San Josek izan du taldearen gol aukerarik argiena, 28. minutuan; Yuriren erdiraketa bat errematatu du. Bera izan da gaurko hamaikakoan sorpresarik handiena; Dani Garciaren ordez aritu da jokatzen, hura zigortuta baitago txartelengatik.

Yerayri txartel horia atera diote 40. minutuan, Gonalonsi egindako sarrera arriskutsu batengatik. Granadako German ere zigortu dute, Muniani jotzeagatik. Tentsio handia egon da partidaren lehen unetik: hasi eta hamar segundora, Herrerak ostikada bat eman dio Muniani, baina epaileak ez dio txartelik atera.

Finala berezia izango da guztientzat: Athleticek eta Realak euskal derbia jokatuko dute Sevillan (Espainia), apirilaren 18an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.