Athleticek eta Realak gaur jokatuko dituzte Superligako bigarren faseko 2. jardunaldiari dagozkion partidak (12:30). Bizkaitarrek zein gipuzkoarrek Kataluniako hiriburuko bi talde indartsu izango dituzte aurkari: Athleticek, Espanyol, eta Realak, Bartzelona. Erraza izan ez arren, punturen bat lortzea dute helburu. Zuri-gorrien nahia eta asmoa lehen postuari eustea da, eta txuri-urdinena, berriz, bigarren itzuliko lehen garaipena lortzea. Superligako zortzi talde onenak ari dira lehian fase honetan, eta guztiak talde onak dira. Gainera, irabazteko faboritoen zerrendan sartzen dira Espanyol eta Bartzelona. Beraz, euskal taldeek partida ona jokatu beharko dute etxera esku-hutsik ez itzultzeko.
Athletic baikor da aspaldiko bolada onari jarraipena emateko. Lehenengo jardunaldian erakustaldia emanda irabazi zioten Lezaman Transportes Alcaineri (6-0), eta gaur ildo beretik jarraitzeko konfiantzaz beterik daude. Hori bai, etxetik kanpo gehiago kostatzen zaie ondo jokatzea, eta aurkariaren maila kontuan hartuta, ez dute partida samurra izango. Alberto Berasaluze entrenatzaileak jokalari guztiak prest izango ditu Espanyoli aurre egiteko.
Reala sasoi onean dago, nahiz eta azken jardunaldian ez zuen irabazi. Txuri-urdinek hutsean berdindu zuten Zubietan Rayo Vallecano Superliga irabazteko hautagai nagusiaren aurka. Egungo txapeldunak dira madrildarrak, eta, beraz, puntu baliotsua eskuratu zuten gipuzkoarrek. Hala ere, hura ahaztu eta sailkapenaren muturrera igotzeko, irabazi egin nahi du Jose Manuel Etxabek zuzentzen duen taldeak.
Bestalde, Eibarrek eta Lagunak-ek ere gaur jokatuko dute, B eta C multzoko neurketa hurrenez hurren. Gipuzkoarrek Malagari egingo diote bisita (12:30), eta aurreneko puntuak biltzea dute helburu, lehen jardunaldian etxean galdu baitzuten. Barañaingoek, berriz, irabazi egin zuten aurreko jardunaldian, eta gaur Collerenseren aurka jokatuko dute, kanpoan (11:00).
Athletic eta Reala etxetik kanpo ariko dira gaur, Superligako 2. jardunaldian
Kataluniako taldeak izango dituzte aurkari; bizkaitarrek, Espanyol, eta gipuzkoarrek, Bartzelona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu