Athletic eta Osasunaren arteko harremana tirabiratsua izan da azken urte luzeotan. 1998an, Osasuna Bigarren Mailan zegoenean, Jose Maria Arrate eta Javier Miranda presidenteek lan hitzarmena sinatu zuten: Athleticek orduko 200 milioi pezeta (1,2 milioi euro) aurreratuko zizkion Osasunari, denboraldi ororen hasieran jokalari bat fitxatzeko lehentasuna izatearen truke. Ia bost urte zeramatzan Osasunak Bigarren Mailan, eta arazo ekonomiko larriei aurre egiteko, Athleticen eskaintza onartu beste erremediorik ez zuten izan nafarrek. Iraupena ziurtatu zuen Osasunak, jokalari onenak Bilbora joatea zaleei gustatu ez arren.
Harrezkero, gorabehera handiak izan dira bi taldeen arteko harremanetan. Athleticek Nafarroako hainbat klubekin dituen hitzarmenek egonezina sortzen dute Osasunan. Miguel Artxanko presidenteak aste honetan esan duenez, ordea, bi zuzendaritzen arteko harremana «bikaina» da egun, eta bihar San Mamesen izango dira Josu Urrutiaren zuzendaritzarekin bazkaldu ostean.
Hori ez da albiste, dena dela. Izan ere, garai zailenetan ere eutsi egin diote ohitura horri. «Partida eguna ez da gure desadostasunen inguruan hitz egiteko eguna», esan du aste honetan Osasunako presidenteak. Harremanak bikainak izanagatik, desadostasunik ez baita falta orain ere. Arratek eta Mirandak sinatu zuten hitzarmenaren ondorioz hartu zuten Bilborako bidea Tikok, Lacruzek eta Orbaizek. Hamalau urte igaro dira harrezkero. Baina desadostasunak beti izan dira, Athletic baita azken urteotan Osasunaren etsairik kutunena. 2000ko uztailean, Osasunako bazkide hautesleek Athleticekin sinatutako hitzarmena bertan behera uztera derrigortu zuten Miranda. Osasuna Lehen Mailara itzuli berri zen Miguel Anjel Lotinaren eskutik, eta arazo ekonomikoei aurre egiteko beste baliabide batzuk izango zituztela jakinda, bazkide hautesleek ez zuten Athleticekin ezer jakin nahi. Akordioa bertan behera uzteagatik Athletici 600.000 euro ordaintzera behartuta zegoen Osasuna. Eta 2003ko abenduan, diru hori artean jaso ez zutela ikusita, Athleticeko zuzendariek salatu egin zuten Osasuna.
Patxi Izkori, Mirandaren lekukoa hartu zuen presidenteari, ez zitzaion batere gustatu Athleticen jarrera, eta bi kluben arteko harremanak asko gaiztotu ziren. 2005ean harremanak erabat eteteraino berotu zen Izko. Iragan uda arte, Bilboko kluba obsesio zen harentzat. 2005. urtean Athleticek Ismael Lopez eta Javier Eraso Osasunako harrobiko gazteak fitxatu zituenean lehertu zen Izko. Athleticentzat lan egiten zuen orori sarrera debekatu zion, bai Sadarrera baita Taxoarera ere. Taxoareko kirol zuzendari Jesus Corerak ere askotan salatu zuen Athleticek Nafarroan zuen begirale sarearen jarrera. Baliabide gutxiagorekin Athletici ezin ziotela aurre egin ikusita, kexatu beste aukerarik ez zuten izan.
Bi taldeetako zaleen arteko egonezina areagotzeko soilik balio izan dute kexek, ordea. Herri Norte eta Indar Gorri taldeetako zaleen arteko liskarrik ez delako falta izan urteotan. Bai Bilbon eta bai Iruñean, borroka bat baino gehiago izan da Athleticen eta Osasunaren muturreko zaleen artean. Giroa gaiztotu egin zen. Gehiegi. Osasunak baditu haserre egoteko arrazoiak. Baina futbolean arrain handiak txikia jaten duela jakin beharko lukete honezkero nafarrek; Athleticen aurrekontuari aurre egiterik ez du Osasunak.
Baina gai politikoak ere ezin dira ezkutatu. Nafarroa Euskal Herriaren zati izateak arrazoitzen du nafarrek Athleticen filosofian tokia izatea. Eta hori ez dute ulertzen nafar askok. Bestela, nola uler daiteke Athletic izan ordez, futbolari gazte nafarrak Bartzelonak edo Real Madrilek fitxatuz gero, halako polemikarik ez izatea? Duela bi urte Julen Arellanok Osasuna utzi eta Bartzelonara alde egin zuenean, inork ez zuen kritikatu Bartzelona.
Jose Luis Mendilibarrek iragan sasoian, San Mamesen jokatu bezperan, Osasunak Athletici esker ona erakutsi beharko liokeela aditzera eman zuenean ere, lurrikara izan zen Iruñean. Osasunako entrenatzaile zaldibartarraren esanetan, Athleticek soilik ordaindu izan ditu Osasunako jokalarien etete klausulak (David Lopezen edo Javi Martinezen kasuan, esaterako); beste klubek, negoziatu ondoren, etete klausularen erdia besterik ez dute ordaintzen. Monrealen kasuan Malagak eta Azpilikuetaren kasuan Marseillako Olympiquek egin bezala. Ez zuen arrazoi faltarik Mendilibarrek. Baina Osasunako entrenatzailea izanik, jakin behar zuen Iruñean halako adierazpenik ezin dezakeela egin. Azkar damutu zen. Are eta gehiago, biharamunean Osasunak San Mamesen 3-1 galdu ondoren. Kutuna izanagatik, etsaia baita Athletic Iruñean, aurkaria baino zerbait gehiago.
Athleticen hitzarmenak
Athleticek Javi Martinezen trukean jasotako dirutzarekin zein jokalari fitxatuko zuen asmatu nahian zebiltzan zaleak iragan hilabetean, baina diru horren zati handi bat harrobia lantzeko izango zela esan zuen Urrutiak. Bada, Athleticek Nafarroan duen azpiegitura sendotzea izan da pausoetako bat. Txantrearekin 2016ra arte luzatu dute lan hitzarmena zuri-gorriek, eta Pamplonarekin 2017ra arte. Aluvionekin aurrez sinatua zuten 2016ra arteko akordioa, eta Falcesinorekin urtez urte berritzen dute hitzarmena. Kike Mayayok zuzentzen duen begirale taldeak ia mila futbolari nafar zaintzen ditu, Athleticen aritzeko moduko jokalariak aurkitzeko asmotan.
Athletic, etsai kutun hori
1998an lankidetza hitzarmen bat sinatu zutenetik, gorabehera handiak izan ditu Athleticen eta Osasunaren arteko harremanak; bi zuzendaritzetako kideek «harreman bikaina» dutela esan du aste honetan Artxankok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu