Ana Urkijo Elorriagari (Bilbo, 1953) ez zaizkio gustatzen, ardura utzi ostean, gauzak nola egin behar diren esaten tematzen diren arduradun ohiak. Horregatik, Athleticeko presidente izan zen arren, nahiago du oraingo zuzendaritzaren lana oztopa dezakeen balorazio edo adierazpenik ez egitea, "arduraz eta instituzioarekiko errespetuz". Ez da aholkuak eman zale, baina, era berean, ez da atzera begiratu eta Athleticeko zuzendaritzan eman zuen denboraz gogoeta egitearen beldur.
Urkijoren asmoetan ez zen sartzen aitzindaria izatea, baina aitzindaria izatea egokitu zaio behin baino gehiagotan. Hura izan zen Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko zuzendaritzan sartu zen lehenengo emakumea. Eta hura izan da orain arte Lehen Mailako euskal futbol talde baten emakumezko presidente bakarra. Aitortzen du bide horretan zailtasun batzuk aurkitu zituela, baina ez zuen amorerik eman.
Zure izena Athletici lotua agertu da beti, baina, berez, abokatua zara.
Bai. Hortik bizi naiz, hain zuzen.
Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko zuzendaritzan sartu zen lehenengo emakumea, gainera.
Bai. Abokatuen Bazkuneko zuzendaritzan egoteko zortea izan dut, horrek dakarren guztiarekin. Lehenengo emakumea izatea anekdota hutsa da.
1987an izan zen hori. Ez zen oso berandu izan, kontuan izanik emakumezko abokatuak bazeudela lehenagotik ere?
Nik, zuzendaritzan sartu nintzenean, ez nuen sentitzen emakumeak ordezkatzen ari nintzenik. Ni abokatu gisa sartu nintzen hara, eta ez emakumea nintzelako. Baina egia da horrek baduela bere sinbolismoa. Kontuan izan 1975era arte emakumeek senarraren baimena behar zutela mailegu bat eskatzeko. 1977. urtera arte emakumeok ez genuen izan Athleticeko bazkide izateko aukerarik eskubide guztiekin. Oso denbora laburrean asko aurreratu genuen, eta horrek harro sentiarazten nau.
Noiz hasi zinen Athleticeko zale izaten?
Ezin dut esan une batetik aurrera hasi nintzela zalea izaten, edo nik behintzat ez dut gogoratzen horrelako unerik. Horrek esan nahi du beti izan naizela zalea. Aitak futbol partidak ikustera eramaten ninduen oso txikia nintzenetik, eta ni pozarren joaten nintzen. Baina berdin ikusten genituen Athleticen partidak edo maila apalagoko taldeenak, aita oso zalea zelako.
Zer dela-eta bilakatu zinen Athleticeko zuzendaritzako kide?
Oso bitxia izan zen. Nirekin ikasitako lagun batek deitu zidan, Juan Elejaldek, nirekin hitz egin nahi zuela eta. Nik pentsatu nuen nire laguntza beharko zuela kanpainarako. Euren proiektuak azaldu zizkidan, programa zein zen eta abar, eta hara non proposatu zidan zerrendan sartzea. Nik ez nuen horrelakorik espero, eta, seguru asko, nire erreakzioak izan beharko zukeen esatea pentsatuko nuela edo denbora behar nuela erabaki bat hartzeko, baina aurpegian marraztu zitzaidan irribarreak salatu ninduen. Ezin izan nuen itxurarik egin, sekulako ilusioa egiten zidalako.
Eta presidente bilakatzea nola izan zen?
Hori oso desberdina izan zen. Urte batzuk geroago, zuzendaritzara itzuli eta presidenteordea izan nintzen: ardura horretan aritu zen lehenengo emakumea ere izan nintzen. Dakizunez, instituzioan gauzak asko okertu ziren, eta orduko presidentea, Fernando Lamikiz, dimisioa ematera behartuta egon zen. Bere garaian oso gogorra iruditu zitzaidan hura: demokratikoki aukeraturiko presidente bati egin ziotena egitea ez zitzaidan zilegi iruditzen. Une hartan denok pentsatu genuen dimisioa ematea. Baina egoera oso delikatua zen: Athleticen estatutuetan zuzendari berria aukeratzeko agertzen diren epeak oso luzeak dira, eta batzuek pentsatu zuten arduragabekeria galanta zela taldea hain denbora luzean lemazainik gabe uztea. Esan zidaten geratu nahi zutela eta ni geratzea nahi zutela, presidenteordea izanik niri zegokidalako ardura hori hartzea.
Baiezkoa eman zenuen.
Presidenteorde izatea proposatu zidatenean asko poztu nintzen, hori niretzat ohorea zelako. Baina presidenteorde izatea txartelean ondo gelditzen den izendapen polita baino zerbait gehiago da. Ardura batzuk hartzea ere esan nahi zuen horrek, presidente izatea tartean, eta ardura horiek hartu nituen.
Oztopo gehiago gainditu behar izan zenuen emakumea izateagatik?
Presidente izan nintzen garaian, egia esan ez. Askoz bide luzeagoa egin behar izan nuen lehenengo aldiz zuzendaritzako kide izendatu nindutenean. Kanpoan zein barruan. Nire lekua irabazi behar izan nuen. Ikusi nuen espero baino erresistentzia gehiago zeudela, baina erronka hori onartu nuen. Ez denbora osoan mundu guztiarekin borrokatzeko, hori oso nekagarria delako, baina bai onartuz emakumeok bide hori egin behar dugula: ez inork agintzen digulako, baizik eta gure ideiek bultzatuta. Argi esaten dizut nire ideia horietan ez nuela inoiz amore eman. Argi izan nuen beti hor egotea nire eskubidea zela, eta arazoa ez zela nirea, hori ulertzen ez zutenena baizik.
Zaleen artean behintzat, emakumeen kopuruak asko egin du gora azken urteotan, gaztetxoak bereziki.
Hala da. Ez da berria; ni zuzendaritzan sartu nintzenean bazkideen %10 emakumeak ziren. Athletic, taldea baino gehiago, gertaera soziala da. Gizartean oso txertatuta dago, balio batzuk transmititzen dituelako, izaera baten isla delako. Izaera, eta izan nahi izatea. Ez gara besteak baino hobeak edo txarragoak, baina desberdinak gara. Gaur, gauza guztiak hain berdintsuak diren honetan, ulertzekoa da neska gazteek Athletic gogoko izatea eta San Mamesera joan nahi izatea. Futbola jada ez da gizonezkoen kontua: kirola da, eta, Athleticen kasuan, gizarte ezaugarri zehatz batzuekin.
2008an, Juan Carlos Erkoreka elkarrizketatu genuen sail honetan, eta zurekin zuzendaritza batzordean emandako denboraz galdetuta, esan zuen hura "oso gogorra eta zaila" izan zela baina etorkizunean "begirunez" gogoratuko zela, "trantsizio lasaia eta kudeaketa egokia" egiten asmatu ei zenutelako. Ados al zaude balorazio horrekin?
Erabat. Erkoreka oso pertsona garrantzitsua izan zen zuzendaritzan, eta uste dut talde ona egiten genuela elkarren osagarri ginelako. Han gelditu ginenok ezer gutxi genuen irabazteko, eta asko galtzeko, taldea Bigarren Mailara jaitsi izan balitz betiko markatuta geldituko baikinatekeen. Semeari inoiz esan nion hori gertatzekotan bizitoki berria bilatzeko lekurik hurbilena Melilla izango zela. Horregatik, asko baloratzen dut gelditu zirenen lana, eta bereziki Erkorekarena. Hura izan zen Athleticen historiaren unerik delikatuena, eta harro nago orduan egindakoaz. Horren ostean, jende askok eman dizkit eskerrak.
Urtebete baino ez zen izan, eta, ondoren, 2007an, hauteskundetara ez aurkeztea erabaki zenuen. Zergatik?
Nik eginkizun bat izan nuen, eta helburu hori bete genuela pentsatzen nuen: instituzioaren lasaitasuna berreskuratu genuen, egonkortasuna ere bai, Athleticek Lehenengo Mailan jarraitu zuen, eta hori jokalarien lana izan bazen ere, talde osoak bat egin izanak lagundu zuela pentsatzen dut, eta, azken finean, krisia kudeatu genuen. Baina pentsatzen nuen ez zela aurrera jarraitzeko momentua.
Ausartuko zinateke hainbeste aldiz aipatzen den Athleticen filosofia hori hitzez definitzera?
Ez da erraza, baina esango nuke zaleek sentitzen duten harrotasuna dela eredu baten partaide izateagatik, eredu hori bertoko jokalariekin edo berton hezitakoekin elikatzen baita. Gurearekin handiak gara, hori da filosofia. Eta herri baten balioei ere loturik dagoela uste dut.
Eta filosofia horrek etorkizunik ba al du?
Hori litzateke filosofiaren alderdi erromantikoa, nolabait esateko, baina gero eta zailagoa da filosofia horrekin gailentzea eta txapelketak irabaztea. Gizarte honek emaitzak nahi ditu. Alde horretatik, kezka dut. Guk txapelketak irabazi ditugu, hori zer den ezagutu dugu, eta horrek indarra eman digu denbora luzerako. Baina gazteek ez dute hori ezagutu. Oso denbora luzean txapelketarik irabazten ez badugu, kezka dut belaunaldi gazteekin zer gertatuko ote den.
Azken denboraldietan Athletic zenbait lehiaketatan finalera iritsi denean sorturiko euforia kolektibo horri zer deritzozu?
Gehiegizkoa iruditzen zitzaidan. Ulertzen dut, urte hauetan garai zailak bizi izan ditugulako, eta jendeak horrelako eztandak behar zituen. Baina, esaterako, ez nuen begi onez ikusi Valentziako finalaren ostean antolaturiko ospakizuna. Guk ez dugu inoiz porrotik ospatu, eta finalera iristea meritu handiko balentria izan bazen ere, 4-1 galdu izana ospatzea erreferentzia galtzea dela uste dut.
Orain badirudi Europako Batasunak Athletic ikertuko duela, sozietate anonimo ez izanik legez kanpoko onurarik jaso ote duen jakiteko. Zer iruditu zaizu albistea?
Kezkagarria. Ez dakit zertan amaituko den, baina kezkatzen nau. Espero dut zirkunstantziek utziko digutela garena izaten jarraitzea, sozietate anonimo ez izateaz eta Athletic bazkideena izateaz ere oso harro sentitzen baikara.
Presidente izan zinen garaian, emakumezkoen taldeak Espainiako liga txapelketa irabazi zuen laugarren aldiz. Aurrekoetan bezala, orduan ez zen gabarrarik atera.
Gaur egun, ez nago horren alde. Alde batetik, gabarra ateratzea Athleticen lehenengo taldearen arrakastei loturik dago, eta, gustatu ala ez, nesken taldea ez da Athleticen lehenengo taldea, Bilbao Athletic ere lehenengo taldea ez den bezala. Beste aldetik, uste dut gaur egun emakumezkoen futbolak ez daukala gizonezkoenak duen ospea, eta gabarra ateratzeak errekaren alde biak jendez beterik egon gabe kontrako efektua lortuko luke. Uste dut gauza bakoitzak bere erritmoa behar duela.