Lanak txukun eginda eta aldeko hiru punturekin itzuli dira Bilbora zuri-gorriak Eibartik. Sailkapenean berdinduta hasi dute partida, eta bi taldeen artean Ligako historiako lehen derbia izatea nabaritu da Ipuruako zelaian; armaginak urduri hasi dira jokoan, eta kosta zaie erritmoa hartzea.
Hala ere, lehen zatian eman dute bi taldeek beren onena. Erritmoari eutsi diote, eta gol aukera on batzuk izan dituzte. Eibarren aldetik Manu del Moralek izan ditu aukera gehien. Partida moteltzen ari zenean, ordea, heldu da gola: armaginek defentsan eginiko hutsegitea baliatuz, Gurpegi Athleticeko kapitainak buruz sartu du gola 36. minutuan. Partidako gol bakarra izan da.
Adurizen eskutik, bigarren zatian eduki dute bigarren gol aukera ona zuri-gorriek, baina Eibarko atezainak oso ondo bete du bere lana eta ez dio baloiari sartzen utzi. Hiru geldiketa garrantzitsu egin ditu Eibarko Jaime atezainak.
Jaitsiera, gertuxeago
Eibar bolada txarrean heldu da derbira, azkeneko bost partidak jarraian galdu dituelako. Sei norgehiagoka daramatza irabazi gabe, gainera. Athleticekin galduta, jaitsiera postuetatik gertuxeago ipini da.
Liga bukatzeko hamalau partida falta dira, eta horrek esan nahi du gero eta gertuago dagoela bukaera. Esaten da azkeneko hamar partidetan erabakitzen dela dena eta, hori aintzat hartuz, komeni dela azken txanpa horretarako leku egokiak hartzea.