Aparrak harrotu orduko egiten du behera, eta desegin egiten da. Eta horixe gertatu zaio Athletici. Garaipenaren aparretan zen duela hilabete, Bartzelona ahalguztidunari Espainiako Superkopa irabazi eta 31 urteko titulu lehortea etenda. Hilabete geroago, ordea, ez dago apar horren arrastorik. Halakoa da futbola. Muturretan bizi da, erdibidekorik ez du ezagutzen, eta oroimenaz larri dabil ere bai. Orainak balio du bakarrik, eta orainak dio Athletic eskas ari dela liga hasiera honetan. Jokoan egon diren hamabost puntutatik hiru besterik ez ditu lortu, Getaferi San Mamesen irabazita lortutakoak, hain zuzen. Beste lau partidatan, berriz, esku hutsik itzuli da aldageletara. Ondorioz, sailkapeneko azpiko postuetan da.
Real Madril izan da Athletic saririk gabe utzi duen azken aurkaria. Rafa Benitezek entrenatutako taldea 1-2 nagusitu da gaur gauean San Mamesen. Gutxi eginda lortutako garaipena izan da, eta egin duen gutxi horren artean, talde zuri-gorriak atzealdean egindako bi huts larri baliatu izana. Iraizoz eta San Jose izan dira zoritxarreko protagonistak aurrenekoan. Atezainak atzelariari pasatu dio baloia, hark itzuli, baina labur, eta hortxe azaldu da Benzema, bizi, baloia lapurtu eta gola sartzeko. 19. minutua zen, eta ordu arte parekotasuna zen nagusi.
Golak jota utzi du hasiera batean Athletic, eta Real Madrilek estu hartu du. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, etxekoek gora egin dute, eta arriskuarekin hasi dira iristen Navasen ingurura. Adurizek izan ditu aukera argienak, baina ez du asmatu. Bai, ordea, Sabin Merinok, 67. minutuan. Laportek baloia lapurtu du bere zelaian, Susaetari eman dio pasea, eta haren erdiraketa errematatu du Sabin Merinok, buruz, bikain. Gola merezitako saria zen zuri-gorrien gogoarentzat.
Pozak, ordea, gutxi iraun die, hiru minutu eskas. Zuri-gorriek libre utzi dute defentsako ezker hegal osoa, eta Iscok ederki baliatu du areara gerturatu eta erdiraketa zehatza egiteko. Eta han azaldu da berriz Benzema, bigarren gola sartzeko. Gola kolpe latza izan da etxekoentzat. Hala ere, gogotik saiatu dira, eta gertu izan dute berdinketa azken minutuetan, baina Navasek ahalegin oro zapuztu du.
Partida amaieran, burumakur ziren Athleticeko jokalariak. Ezin dute luzaroan horrela egon. Suspertzeko beharrean dira. Igandean saiatuko dira asmo horretan, Anoetan, Realaren aurkako derbian. Garaipen batek konfiantza handia emango lieke. Mugarri izan daiteke ere bai. Orain lau urte hala izan zen. Lehen sei jardunaldietan bi puntu eskas batuta iritsi zen Athletic Anoetara, eta bertan irabazi ostean bolada bikaina kateatu zuen —ez zuen galdu hurrengo sei partidatan—. Horretarako, ordea, irabazi beharra dago, eta ez dirudi erronka samurra, Reala konfiantza askorekin ariko baita, herenegun Granadan (Espainia) sasoiko lehen partida irabazi ondoren, ondo irabazi ere.