Lezamako lanen egoerarekin oso haserre azaldu zen atzo Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzailea, eta gaur klubak agiri bat atera du, harekin ados ez dagoela esateko. "Athletic ez dator bat, inondik inora, lanen bilakaera, lanen kontratuaren betetze maila eta eraikitze proiektuan diharduten pertsonen profesionaltasunari buruz Marcelo Bielsak atzoko prentsaurrekoan adierazi zuen iritzi pertsonal eta subjektiboarekin".
"Lezamako lanak gaizki egiten ari dira, eta nahita dabiltza oker", zioen Bielsak, besteren artean.
Bestelakoa dio Athleticek. "Klubak adierazi nahi du orain arte lanen kontratua behar bezala bete dela eta publikoki barkamena eskatu nahi die enpresa eraikitzaile eta bere langileei Athleticeko enplegatu baten adierazpenen ondorioz sor daitezkeen kalteengatik".
Zuzendaritzak premiazko bilera bati ekin dio arratsaldean, seiak aldera. Bi ordu eta erdiko batzarra izan da eta ondoren klubak ez du deus esan.