Asterixen eta Obelixen abenturak zinemetan ditugu berriz. Oraingoan Olinpiar Jokoetan parte hartzen dute. Athleticen abenturak, berriz, egunero dira notizia. Azken hiru urteetan berri txarrak, gainera. Zuri-gorriak komikietako izarrak baino maila apalagokoak dira, antza. Joaquin Caparrosek zuzendutako taldea Mediterraneoko Jokoetan arituko baita. Izen hori baitu Unai Emeryk zuzentzen duen Almeriaren estadioak.
Duela bi urte eta erdi pasatxo jokatu ziren Mediterraneoko Jokoak Almerian. Orduan Mediterraneo itsasoarekin muga egiten duten makina bat herrialdek bisitatu zuten Espainiako hegoaldea. Proba asko jokatu zituzten. Gehienak banakako probak izan ziren, baina kirolari bakoitzaren lanak bere herrialdearen azken sailkapena baldintzatu zuen —irabazitako dominen arabera—, Futbolean gertatzen den bezala, hain zuzen ere. Jokalariek ondo jokatu behar dute taldeak ondo funtzionatzea gura badute.
Athleticek talde lan ona egitea du xede Almerian. Emeryren taldeak horren ondo egitea lortu duena, alegia. Horretarako, jokalariek euren onena eman beharko dute. Komikietako protagonistek ez bezala, Athleticek ez du edabe magikoaren laguntzarik izango gauzak estutzen direnean. Astean zehar egindako prestaketa izango da sekretu bakarra.
Jokalari bakoitzak proba batean hartuko du parte. Atzelariek Negredo eta enparauen erasoaldiak zaintzea izango dute xede. Horretarako, baloia Athleticen areatik ahalik eta urrutien egotea komeni zaie. Beraz, indarreko probak egitea dagokie: Ociok, Amorebietak eta Koikilik hainbat aukera izango dituzte. Diskoan, pisuan edota mailu jaurtiketan aritzeko parada izango dute. Iraolak, berriz, maratoi erdia egingo du —hura ere atzelaria da, baina beste ezaugarri batzuk ditu—.
Zelai erdiko jokalariek bestelako betebeharrak izango dituzte. Javi Martinezi dekatloia egitea egokitu zaio. Bera da proba horri aurre egiteko gai diren zuri-gorri apurretakoa. Denetarik egin beharko du eta gauza guztiak ondo. Haren ondoan Pablo Orbaiz egongo da. Erdilari nafarrarentzat xabalina aukeratu dute. Baloia luze eta zuzen jokatzeko ardura izango du.
Susaetak eta Yestek, hegaletan aritzekoak diren bi futbolariek, beste ezaugarri batzuk eskatzen dituzten probetan hartuko dute parte. Eibartarrak 3.000 metro oztopodunak egin beharko ditu. Lasterketa luzea eta azkarra. Bidean, gainera, aurkari asko agertuko zaizkio. Yestek, berriz, ibilketako proba egingo du. Fisikoki ez dago erakustaldi asko egiteko, baina kalitate handiko jokalaria da.
Joseba Etxeberria eta Fernando Llorente izan daitezke golak sartzeko arduradunak. Elgoibartarrak 100 metroak aukeratu ditu. Ez du lehen zuen abiadura, baina oraindik ezustekoak eman ditzake. Dominen jokoan sar daiteke. Errioxarrak, ostera, gura duen proba aukeratuko du. Sasoian egoteak ematen duen abantaila da. Hala ere, pertika jauzia izan daiteke berarentzat egokiena. Almeriako atzelariak gainditu beharko baititu golak sartzeko.
Hasieratik arituko diren hamaika jokalariek eta gero zelairatu daitezkeen hirurek emaitza onak eskuratzen badituzte, taldekako sailkapenean ere aurrean egongo da Athletic.
Athletic, Mediterraneoko Jokoetan
Zuri-gorriek talde lan ona egin beharko dute gaur Almeria mendean hartu ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu