Joan den asteazkenean, ohorezko tomatero izendatu zuten Koldo Agirre Athleticeko jokalari eta entrenatzaile ohia (Sondika, Bizkaia, 1939). Garai batean, Deustua udalerri izan zen, Bilboko auzo bilakatu zen geroago, baina, lehen eta orain, Bilbo eta inguruetan tomatero ezizena erabili da deustuarrak edo Deustuarekin zerikusia dutenak izendatzeko. Txorierrin jaio bazen ere, tomateroa da Agirre, Deustuarekin duen harremana aspalditik datorrelako. Ohorearena, berriz, inork ez luke zalantzan jarriko, Athleticen egin duen ibilbide distiratsuari erreparatuta.
Elkarrizketa honetako galderei erantzun zienean, Agirrek ez zekien egun berean omenaldia egin behar ziotela. Sekretua gordetzeko eskatua zuten omenaldiaren antolatzaileek; hala ere, litekeena da Agirrek zerbait susmatzea, hedabideen bat-bateko interesa ikusita. Edozein modutan, ez da aitzakia askorik behar Agirrerekin berba egiteko; pertsona jatorra da, hurbila, umore onekoa, solaskide aparta, eta elkarrizketarako aukeraturiko lekutik oso gertu dagoen Loiuko aireportuko hegazkinen burrunbak ere ez zuen haren berba jarioa eten.
Zelan hasi zinen futbolean jokatzen?
Accion Catolicak antolatzen zuen txapelketa batean hasi nintzen. Txorierriko taldeak aritzen ziren horretan, eta ni oso gaztea nintzen: 12 urte nituela, 30 urte baino gehiago zituen jendearekin aritzen nintzen.
Getxon jokatu zenuen, eta handik Athleticera pasatu zinen. Zelakoa izan zen pauso hori?
15 urte nituela, 3. mailan jokatzen nuen, eta denboraldi osoan zurrumurruak egon ziren, Athleticek fitxatu nahi ninduela. Behin batean, Getxoko presidenteak esan zidan hurrengo egunerako lotuta zegoela Athleticeko ordezkariekin nire fitxaketaz berba egiteko, eta harekin joateko. "Eta zergatik ez zara gaur bertan gelditu?», erantzun nion. «Gaua izorratu didazu dagoeneko; gau osoan ez dut begirik bilduko". Hurrengo egunean hara joan nintzen, bakarrik.
Bakarrik?
Aitak bere burua eskaini zuen niri laguntzeko, baina esan nion ez zela beharrezkoa; azken finean, Athleticen eskaintza edozein zelarik ere, nik argi neukan baietz esango nuela. Eta hala izan zen. Nik baietz esan nuen, eta gaur arte, orain ere Athleticen jarraitzen baitut.
Garai hartako Athletic ez zen edozein: pare bat urte lehenago Espainiako Liga eta Kopa irabaziak zituen denboraldi berean, eta han zeuden Gainza, Artetxe, Markaida, Arieta eta beste jokalari mitiko asko. Horrek ez zintuen kikiltzen?
Horrek errespetua eta, aldi berean, miresmena sortzen zidan. Eta zoriontasuna. Ordurako eginda zegoen talde batek babestuta sentitzen nintzen. Askoz errazagoa da horrelako talde batean sartzea, zalantzan edo zerrendako beheko postuetan dagoen talde batean baino. Pena bakarra izan nuen: Felix Markaidari lekua kendu izana, taldekide ez ezik lagun mina ere banuen eta. Hura zen nire bila etorri eta entrenamenduetara motorrean eramaten ninduena, eta ni jokatzen hasi nintzenean, leku barik gelditu zen.
1957-58ko denboraldian egin zenuen estreinaldia. Eta, handik gutxira, Espainiako Kopa irabazi.
Kopako finala nire bederatzigarren partida izan zen. Ni gazte-gaztea nintzen, eta gogoan dut aldageletan geundela, zuzendaritzako bat sartzen zela eta esaten zidala: "Hi, mutiko, lasai egon". Eta gero, beste bat: "Motel, lasai egon hadi". Nik esaten nien oso lasai nengoela, baina, azkenean, entrenatzaileari eskatu behar izan nion mesedez zuzendaritzakoak pikutara bidaltzeko; azkenean, lasai egoteko hainbeste aldiz esanda, urduri paratzen hasita nengoen.
Final hartan Real Madrilen kontra jokatu zenuten, hots, garai hartan Europako txapeldun zen taldearen kontra, eta haien zelaian. Benetan, ez zeunden urduri?
Ez. Tira, zelaira atera nintzenean, hainbeste ikur, hainbeste jende, Athleticen hainbeste zale ikusi nituenean, denak oihuka eta txaloka, horrek bai, horrek eragin zidan urduritasun apur bat. Baina segituan pasatu zitzaidan. Ni oso gizon lasaia nintzen, asko gustatzen zitzaidan jokatzea, eta ondo aritzea baino ez neukan buruan.
Garai hartan ez zegoen gabarraren tradizioa. Nolakoak ziren ospakizunak?
Barazar mendatetik jaitsi eta goiko aldea zabalik zeukan autobus batek hartzen gintuen. Edo kamioi batek, hori ere inoiz egokitu zait eta. Herri guztiak zeharkatzen genituen. Lehenbizi, Piruren [Gainza] herrira joan behar genuen, Basaurira. Piru hainbeste aldiz txapeldun izan zenez, Basauritik pasatzea derrigorrezkoa zen. Gero, inguruko herri guztiak zeharkatzen genituen, eta Bilboko udaletxean amaitzen genuenean, hura apoteosia izaten zen.
Handik hiruzpalau urtera, Zarauztik zetorren atezain gazte bat hasi zen zuekin, Joxe Anjel Iribar.
Garai hartan, orain gertatzen den bezala, dena jakiten zen, eta Athleticek fitxatzea ez zen inolako ezustekoa guretzat, horren inguruko zurrumurruak ugariak izan zirelako lehendik ere. Ezustekoa izan zen Athleticek hainbeste diru ordaindu behar izatea, milioi bat pezeta oker ez banago, are gehiago kontuan hartuta Baskoniak bazuela hitzarmen bat Athleticekin. Uste dut Baskoniako presidentea Athleticekoak baino azkarrago ibili zela gai hartan.
Hamar urte igaro ziren Athleticek berriro Kopa txapelketa irabazi arte, 1968-69ko denboraldian. Zelakoa izan zen final hura?
Elxen kontra izan zen. Nik ez nuen jokatzerik izan, lesionatuta nengoelako, baina han egon nintzen, eta kapitain izan nintzen. Oso final orekatua izan zen, eta garaipena lortu genuen Arieta II.aren gol bati esker.
Ordurako, Athletic asko aldatua zen zu hasi zinenetik. Iribar, Clemente, Rojo, Uriarte eta abarren Athletic zen hura.
Nik uste dut aldaketarik handiena aurkariena izan zela. Orduan hasi zen atzerritarrak fitxatzeko kontu hori, eta Athleticek asko nozitu zuen aldaketa hori. Oraindik ere nozitzen ari gara.
Denboraldi hartan Kopako txapeldun izateaz gain, bigarren gelditu zineten Ligan. Hori al zen Athletici agur esateko unerik egokiena?
Une egokia iristen ari zela sumatzen nuen, batez ere, ikusten nuelako nire atzetik bazetozela gazte batzuk oso indartsu, bereziki Javi Clemente eta Igartua. "Bi hauek botako naute", pentsatu nuen orduan nire kautan. Dena dela, Ronnie Allen entrenatzailea etorri zenean, bazkari batean esan zidan ni gelditzea nahi zuela, faltak botatzeko, paseak emateko eta abarretarako, baina nik ordurako erabakia hartuta neukan.
Zergatik?
Beste arrazoi bat egon zen, familia arazo bat, Iñaki nire anaia, 19 urte zituela leuzemiak jota hil zena. Atezaina zen, oso ona, eta Real Madrilek fitxatu berria zuen. Ziur nago bizirik jarraitu izan balu Real Madrilen jokatuko zukeela inolako zalantzarik gabe. Belauneko lesioak eta nire anaiaren heriotzak bultzatu ninduten joatera.
Zaila da nork bere burua definitzea, baina zelako jokalaria zinen?
Nik esango dizut besteek zer esaten edo idazten zuten. El fielato deitzen zidaten, esaten zutelako baloi guztiak nire oinetatik pasatzen zirela eta nik ondo jokatzen nuenean taldeari ondo jokarazten niola. Jokatzea gustuko zuen erdilaria nintzen. Futbolean jokatzea asko gustatzen zitzaidan; laster egitea, ez hainbeste. Hori dela eta, oihu asko entzun behar izan ditut San Mamesen. Hemen, jokalari teknikoak ez zaizkio jendeari askorik gustatu, orain ere ez. Bielsarekin gauzak apur bat aldatu ziren, beste era batera jokatzen hasi ginelako, baina jokalari teknikoek hemen beti izan dituzte arazoak zaleekin: Panizo, Irureta, gero Txetxu Rojo eta Argote... Hemen jendeak kemena eta indarra lehenesten ditu.
1976-77an Athleticera itzuli zinen, ordukoan entrenatzaile.
Lehenago itzuli nintzen, Lezaman, umeekin lanean Poli Bizkarguenagarekin. Bilbao Athleticekin ere egon nintzen.
Entrenatzaile postua betetzeko, Athleticek batzuetan etxeko jendearen alde egin du, eta beste batzuetan urrutira joan da entrenatzailea bilatzeko.
Denboraldi hartan hogei bat entrenatzaile ibili ziren jendearen ahotan, denak ingelesak, eta bat bera ere ez zuten fitxatu. Azkenean, Gainzak esan zion [Jose Antonio] Egidazu presidenteari ez zela beharrezkoa kanpoan bilatzen jarraitzea eta nirekin proba egiteko. Hala egin zuten.
Eta emaitza bikaina izan zen. Denboraldi hura historikoa izan zen, Athletic lehenengo aldiz Europako final batera iritsi zelako, Juventusen kontrakoa. Zer gogoratzen duzu hartaz?
Iaz bi final jokatu genituen, baina ez ginen lehiatu, batez ere aurkariek ez zigutelako utzi. Denboraldi hartan, aldiz, beste bi final jokatu genituen, baina bi-bietan lehiatu ginen, nahiz eta bietan galdu. Juventus San Mamesen garaitu genuen, eta oroitzapen hori ahaztezina izango zait betiko.
Beste finala Espainiako Kopakoa izan zen, Betisen kontra; penaltietan galdu zuen Athleticek.
Partida hartan, dena esan beharra dago, Iribarrek ez zuen bere gaurik onena izan. Nik oso txarto pasatu nuen. Suposatzen da entrenatzailea dela gainerakoei animoak eman behar dizkiena, baina uste dut ni jokalariak baino askoz zapuztuago nengoela.
Ohikoa da zure belaunaldiko jokalariei galdetzea garai hartako jokoaren eta gaurkoaren arteko desberdintasunez. Hainbesteko aldea al dago?
Bai, handia gainera. Ni hasi nintzenean, hiru defentsa, lau erdilari eta hiru aurrelarirekin jokatzen zen. Orain, jokatzen da sei defentsa, hiru erdilari eta aurrelari bakarrarekin. Aldea izugarria da: zabalguneak askoz murritzagoak dira, abiada handiagoa dago eta abar. Baina baloia biribila da oraindik.
Eta Athletic? Aldatu da?
Bai, jakina, eta Athleticen zaleak ere bai. Ez dakit oraingo zaleak zorrotzagoak diren, edo jendetasun gutxiagokoak.
Eta taldearen filosofia ospetsu hori aldatu da?
Ni hasi nintzenean, filosofia hori bazegoen, baina guk ez genuen Athleticetik alde egiterik izaten. Athleticek bazuen jokalariak atxikitzeko eskubidea, eta erabili egiten zuen. Jokamolde desberdina zen. Hala ere, nik uste dut askok bekaizti begiratzen digutela gure estiloa dela-eta, baina guk, aldiz, horri uko egiten diogu, gauzak txarto doazenean segituan hasten garelako atzerritarrekin gora eta behera. Lezamak ei dauka erru guztia, baina taldea ondo doanean inor ez da Lezamarekin gogoratzen.
Zuk Lezama ondo ezagutzen duzu. Geroago Athleticeko jokalari bilakatu diren gaztetxo asko pasatu al da zure eskuetatik?
Ume askorekin lan egin dut, eta bat aipatu beharko banu, Fran Yeste esango nizuke, jokalari handia izango zela argi ikusten baitzen. Hala ere, umea zelarik, belarrondoko pare bat emateko gogoz gelditu nintzen. Garai hartan bazen nahiko manugaitz eta diziplina gabea.
Lezamak etorkizunik ba al du?
Bai, Lezamak iraun egin behar du. Arazoa da, lau urtean behin, hauteskundeak irabazten dituen zuzendaritzak dena aldatu nahi izaten duela. Hori okerra eta kaltegarria iruditzen zait.
Sarean norbaitek esana da Koldo Agirreri urtean behin edo, are hobeto, hilean behin omenaldia egin beharko litzaiokeela.
Hori apur bat larregi begitantzen zait [barre egiten du].
Zaleek maitatua sentitzen zara?
Bai, beti sentitu naiz horrela, nahiz eta askotan txistu egin didaten. Baina horrek, kikildu beharrean, adorea ematen zidan. Adibide bat emango dizut: Espainiako selekzioarekin nengoela, San Mamesen argiak jarri zituzten eta, okasio berezia zenez, Athleticen entrenatzaile Ipiñak baimena eskatu zion Espainiako selekzionatzaileari nik jokatu ahal izateko. Lehenengo zatian oso txarto aritu nintzen, eta jendea oihuka aritu zen, "hoa Madrilera" eta horrelakoak esaten. Atsedenaldian Ipiñari eskatu nion mesedez ez aldatzeko, bigarren zatian jokatu nahi nuela. Hiru gol sartu nituen, eta txalo ederrak jo zizkidaten.
Zelan bizi izan zenuen San Mameseko agurra?
Oso zirraragarria izan zen, eta, aldi berean, oso tristea, jada gurekin ez daudenak oso gogoan dituzulako. Ni, esaterako, asko gogoratu nintzen Txutxi Arangurenekin.
San Mames zaharra botatzeko lanak ikustera joan al zara?
Ez. Pena handia ematen dit.
Zelai berria izatea oztopo izan daiteke datorren denboraldian?
Futbolariak segituan ohituko dira, han entrenatuko direlako. Jendeari beharbada gehiago kostako zaio. Baina zaleak ere berehala ohituko dira, Athleticeko zaleak munduko onenak direlako, diferentzia handiz.
Zelan ikusten duzu hurrengo denboraldia?
Egiten ari diren aldaketak gustatzen zaizkit. Arazoa zelaiarena izan daiteke, hasieran zure etxean ezin jokatzea. Baina Valverdek badaki gauzak ondo egiten, eta baikorra naiz.