Golak. 0-1: Caldenteyk (36. min); 1-1: Eunatek (33. min); 1-2: Martensek (93. min); 2-2: Luciak (94. min).
Athleticek modu krudelenean esan dio agur Espainiako Kopako finalari. Bartzelonaren aurkako finalerdian bina bukatu ondoren, penalti jaurtiketetan erabaki da kanporaketa. Jaurtiketei ere primeran ekin die, lehen biak sartuz, baina Eunatek eta Luciak, partidako bi golegileek, azken bi jaurtiketak huts egin dituzte.
Athletic harro asko joan daiteke oporretan, baina kostako zaio Ruesen jokaturiko kanporaketaren mikatza kentzea. Izan ere, Bartzelona ez da gehiago izan, eta Athleticek izan du partidako azken aukera. Partidako lehen zatia motela izan da, eta Bartzelona 0-1 aurreratu da korner batean (35. min).
Emaitza aurka zuten, baina Athleticek gora egin du bigarren zatian. Hiru gol aukera on kateatu ditu, eta laugarrenean berdindu du partida (81. min). Eunatek falta itxi-itxi bat zuzenean atera bota eta gol ikusgarri bat sartu du. Emaitza ez da berriz aldatu arauzko denboran; luzapena egon da.
Bartzelonak luzapena hasi eta berehala sartu du 2-1ekoa, modu ikusgarrian. Mertensek (93. min) gurpil askodun jaurtiketa egin du areaz kanpotik, eta Tirapuren jauzia ezerezean utzi du. Gol bikaina izan da. Golak, baina, ez du Athletic abaildu, erditik atera eta berehala sartu baitu binakoa. Erreakzio bikaina izan da. Luciak sartu du, Erikaren pase bat baliatuta (94. min).
Athleticek ahalegin fisiko handia egin du, baina ez da ezkutatu, eta golaren bila joan da. Hainbeste, luzapenaren bigarren zatiko bi aukera onenak Luciak izan ditu. Bietako batean baloia zutoinera bidali du (111. min).
Partida binakoarekin bukatu da, eta penaltietan erabaki da. Gimbertek, Erikak, eta Muruak Athleticen lehen hiru jaurtiketak sartu dituzte, eta Tirapuk Bartzelonaren hirugarrena gelditu du. 3-2 zen aurretik Athletic, baina zuri-gorriek azken biak huts egin dituzte. Eunateren jaurtiketa gelditu egin du atezainak; Luciak, berriz, zutoinera bidali du baloia.