Joko bizi eta ikusgarria beste baterako utzita, Athleticek arazo handirik gabe lortu du helburua: Alcoyanori San Mamesen irabazi eta Espainiako Kopako final-zortzirenetarako txartela lortzea. Viguerak sartu du partidako gol bakarra, 38. minutuan (joanekoan ere aurrelariak sartu zuen 1-1ekoa), eta zuri-gorriak Celtaren aurka ariko dira hurrengo kanporaketan. Urtarrilaren 6an jokatuko da joaneko partida, Balaidosen (20:00), eta urtarrilaren 14an itzulikoa, San Mamesen.
Kanporaketa gainditzea zen helburua, eta horixe egin du Athleticek. Joaneko partidako 1-1ekoarekin, golen bat sartzera behartuta zegoen Alcoyano, eta, atzean sartu gabe, lotsagabe ekin dio partidari. Joko landurik gabe, zuri-gorriek 24. minutuan sortu dute lehen aukera, Guillermoren burukada batean. Hiru minutu geroago Viguerak bidali du errematea kanpora, oso behartuta. Eta 32. minutukoa izan da aukerarik argiena. Alcoyanoko atzelariek huts larria egin dute atzean, Zabal atezainak oinekin kendu dio baloia Guillermori, atzelariek goleko marran urrundu dute Vigueraren errematea, eta Guillermok berak kanpora bidali du azken errematea. 38. minutuan iritsi da, azkenean, Athleticen lasaitasunerako gola. Susaetaren pasea jasota, Viguerak dotore egin dio iskin atezainari, eta sareetara bidali du baloia.
Aldageletetatik bueltan erritmoa dezente jaitsita, ezker hegaletik bidalitako erdiraketa neurtuekin bakarrik sortu du arriskua Athleticek. Guillermok ez du asmatu, ordea, hiru erremateetan. Alcoyano bi pauso aurrera eman edo ez zalantzan zegoela, Susaetak ateratako falta jaurtiketan eduki du aukera ona San Josek, bakar-bakarrik egin duelako errematea area txikian bertan. Baina nafarrak kanpora bidali du errematea. Ordurako Muniain, Rico eta Aduriz zelaian zirela, 1-0ekoaren arriskuarekin, tentsio pixka bat izan dute azken minutuek. 85. minutuan iritsi da Alcoyanoren aukerarik onena; jokaldi landuaren ondoren, oso gutxigatik kanpora joan da Carlesek area ertzetik egindako jaurtiketa.