Zuri-gorriek ezarri dute erritmoa lehen zatian, eta horri esker eurentzat izan da lehen gola ere. Mikel Ricok sartu du 17. minutuan. Aritz Adurizek ere izan du bigarrena sartzeko aukera, baina huts egin du. Aldiz, madrildarrak nahi eta ezinean ibili dira.
Atsedenaldiaren ostean, ordea, beste aldarte batekin atera da zelaira aurkaria. Atleticoko jokalariek berehala berreskuratu dute galdutako denbora eta bigarren zatia hasi eta minutu gutxira sartu du berdinketaren gola Antoine Griezmannek. Raul Garciarena etorri da 52. minutuan, eta partida amaitzear zela etorri dira Griezmannen beste biak.