Aldaketak egin ditu Zigandak hamaikakoan: Yerayk eta Iñigo Martinezek hasieratik jokatu dute. Baina ez du taldeari bultzada emateko balio izan. Partida hasi orduko etorri da lehen kolpea. Zazpigarren minutuan, Athleticeko atzelariak bultza egin dio Gironako jokalariari area barruan, oso xalo, eta epaileak penaltia adierazi du Gironaren alde. Stuanik bota du, eta sartu. Partida maldan gora jarri zaie beraz zurigorriei. Girona ondo ari zen jokatzen, nagusi zen zelaian, eta Athletic ezinean. Gol gehiago egiteko aukera ere izan dute kataluniarrek, eta hainbestean, bat eta hutsekoarekin iritsi direnean atsedenaldira.
Bigarren zatian ere antzera joan da partida. Ordu laurdenera, zelai erdian baloia galdu eta Gironak erasoa, erdiraketa albotik eta Stuanik buruz gola, defentsari gaina hartuta. Bi eta huts, eta aldatzeko itxurarik ez partidak. Athletic kamuts aritu da erasoan, eta defentsan ere, makal. Horrelaxe bukatu da partida. Bosteko defentsak ez dio ezer onik ekarri Zigandari.