Athleticen 2018-2019ko denboraldia aztertu du PwC (PricewaterhouseCoopers) aholkularitza enpresak. Taldeak 570,3 milioi euroko jarduera ekonomikoa –barne produktu gordinaren %0,58– eragin zuen Hego Euskal Herrian. Bizkaiari dagokionez, 465,9 milioi euro izan da ekoizpena –Bizkaiko BPGaren %1,2–, eta horrek 2.821 lanpostu ekarri ditu probintzian, eta 3.711 Hegoaldean.
Zuzendaritzaren iritziz, taldearen gaitasun ekonomikoa aztertzeko txostena «gardentasunaren»erakusle da. Aitor Elizegi presidenteak adierazi du txostena berritzea «garrantzitsua» dela: «Pandemia baino lehenago ere, taldearen argazki orokorra zein zen jakin behar genuen. Horregatik, garrantzitsua da argazkia gaurkotzea momentuko egoera sozioekonomikoarekin batera ulertzeko».
Pricewaterhouse Coopers enpresak eta taldearen zuzendaritzak azaldu dute ez dela «norgehiagoka ibiltzeko lasterketa bat», baina Athletic Hegoaldeko ekonomiaren «eragile nagusietako bat» dela. «Ez dago BPGaren %1 horretara iristen diren enpresa asko», gehitu du ikerketa egin duen enpresako Jordi Estevek.
Txostenaren arabera, zuzendaritzan daudenen %23,5 dira emakumeak. Taldeei dagokienez, emakumezkoen hiru talde berri sortu dituzte 2016tik 2020ra bitartean. Lehenengo urtean bi talde zituzten; aurtengo denboraldia, aldiz, bost talderekin hasi dute.
Agur Europari
Atzoko partidaren ondorioz, Athleticek ezin izango du Europan jokatu, eta Elizegik aitortu du aukera horrek «zirkunstantzia berezi batzuk» eskain zitzakeela. Partida zalerik gabe jokatu izanak eragina izan duela uste dute: «Agian gaur Europan egongo ginateke atzo estadioa zalez beteta egon izan balitz».