Futbola

Athleticek amore eman du Sevillan (2-0)

Gameirok, bi golekin, eta epaileak, izan ez den penaltia adierazita, ezerezean utzi dute zuri-gorrien partida ona. Adurizek ezingo du jokatu hurrengo astean Bartzelonan, eta Raul Garciak min hartu du.

Sevillakoak, bigarren gola ospatzen. JOSé MANUEL VIDAL / EFE
unai zubeldia
2016ko urtarrilaren 9a
20:27
Entzun

Serio eta oso oldarkor ekin dio Athleticek Sevillaren aurkako partidari, baina, Sanchez Pizjuanen gehienetan gertatzen zaion bezala, esku hutsik itzuliko da Bilbora. Lekue, Raul Garcia eta Williams hiruko lerroan eta Aduriz aurrean kokatuta, lehen minutuetan zuri-gorriek atzean sartu dute aurkaria. Hiru gol aukera argi izan dituzte Raul Garciak, San Josek eta Lekuek; azken horrek langara bidali du jaurtiketa. Baina erasoko lehen jokaldian 1-0ekoa lortu du Gameirok, eta hurrengo jokaldian min hartu du Raul Garciak. Erdilaria saiatu da jarraitzen, baina aldaketa eskatu behar izan du. Belauna okertu zaio nafarrari, eta ikusi egin beharko da lesioak zenbateko larritasuna daukan.

Bigarren zatian erosoago jokatu du Sevillak, eta epaileak opari ederra egin dio, gainera, 59. minutuan izan ez den penaltia adierazita. Laportek ukitu ere ez du egin Krychowiak, baina penaltia adierazi du Prieto Iglesiasek. Gameirok ez du hutsik egin. De Marcos eta Williamsen aukera bana salbu, 2-0ekoarekin nahi eta ezinean ibili dira zuri-gorriak. Porrotaz gain, bosgarren txartel horia ikusita Adurizek ezingo du jokatu hurrengo astean Bartzelonaren zelaian. Raul Garciari, berriz, datozen orduetan egingo dizkiote azterketa gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.