Bi goleko errenta alde ona da Espainiako Kopako kanporaketa bateko itzuliko partidari aurre egiteko. Oso emaitza ona da. Bi golen aldea gutxi ez, eta lehen partidan atea hutsean mantentzeak are eta gehiago errazten du hurrengo kanporaketara pasatzeko aukera izatea. Bi helburuak lortu dituztelako daude gustura Athleticeko jokalariak. Finalerdia gertu ikusten dute, baina badakite datorren asteazkenean Ono Estadin jokatu beharreko itzulikoa ez dela samurra izango. Mallorca askoz ere lehiakorragoa baita etxean jokatzen duenean. Gainera, Joaquin Caparrosek prest izango du trikimailuren bat bere talde ohia nahasteko. Eta, era berean, ez da sekretua Balear Uharteak ez direla Athleticentzat lekurik aproposena. Zuri-gorriek ez dute ondo jokatzeko ohiturarik. Baina, hala ere, ez dago zalantzarik nekez izaten dela Kopan finalerako atarian sartzeko horrelako aukera onik.
«Neurketa irabazi behar dugu, eta ahal bada, golik jaso gabe», adierazi zuen Markel Susaetak Mallorcaren aurkako partidaren bezperan. Asteon eibartarrari egokitu zaio hori esatea, baina aurrez ere makina bat aldiz entzun dira antzeko kontuak prentsa aretoan. Kopan etxean jokatzen duen taldearen helburua esaldi horretan laburbiltzen baita. Xede nagusia irabaztea da. Ahalik eta errenta handiena lortzea, alegia. Eta, bigarrena, golik ez jasotzea. Berdinketa egonez gero etxetik kanpo sartutako golek erabakitzen baitute nork egiten duen aurrera. Kopan kanpoan sartutako golek balio berezia dutelako eta ligan talde lehiakorra izateko ezinbestekoa delako defentsan lan ona egitea, azken urteotan garrantzi handia hartu du norberaren atea zaintzeko egiten den lanak. Izan ere, Espainiako Ligako talde gehienen artean alde txikia dago, eta erraztasun gutxien ematen dituenak lortzen du onenen artean egotea.
Athletic denboraldi honetan egiten ari den lan onaren oinarri nagusietako bat defentsako lanean eman duen aurrerapausoa izan da. Askok uste dute Marcelo Bielsarentzat bigarren mailan geratzen dela zaintza lana. Arriskuak hartuta aurkariak baino gol gehiago sartzea dela entrenatzaile argentinarraren helburu bakarra. Oker dabil hala pentsatzen duenak. Bielsak oreka du maite. Garrantzi bera ematen dio erasoko zein defentsako lanari. Aurrera egin behar denean talde guztiak hartu behar du parte. Eta atea zaindu behar denean ere jokalari guztien laguntza eskatzen du Bielsaren estiloak. Futbola era horretan ulertzen ez duenak jai dauka harekin.
Gorabeherekin bada ere, apurka-apurka hasi da Athletic futbola ulertzeko era berria barneratzen. Estatistikak hotzak bezain argigarriak baitira oreka horren bila Athletic izaten ari den itxuraldaketan. Talde zuri-gorria ligan gol gehien sartu dutenetan laugarren taldea da (26). Hamalau jokalarik sartu dute gutxienez gol bat. Beraz, bistakoa da jokalari askok hartzen duela parte erasoko jokoan. Baina erasoan ez ezik, defentsan ere antzeko maila erakusten ari da. Lehen itzulia amaitzear dagoenean, ligan gol gutxien sartu dietenetan hirugarren taldea da Athletic, Valentziarekin berdinduta: hemeretzi. Real Madril eta Bartzelona bakarrik ditu aurretik, hamazazpi eta 11 golekin, hurrenez hurren. Beraz, oraindik ere Bartzelonak duen perfekziotik urrun egon arren —sekula ez du lortuko gerturatzea—, denboraldi honetan txapelketako talderik orekatuenetako bat dela ari da erakusten azken asteetan.
Javi Martinez eta Amorebieta
Asko dira Athletici defentsan nabari zaion hobekuntzaren arrazoiak. Baina beste guztien gainetik jokalarien konpromisoa dago. Bielsak aurkariari presio itogarria egiteko eskatzen die jokalariei. Horrelakoetan nahikoa da futbolari bakar baten konpromiso falta gainerakoen lan guztia pikutara bidaltzeko. Bada, Athleticen ez da horrelakorik gertatzen. Ikustekoa da sekula defentsako lanean aparteko interesik jarri ez duen Fernando Llorentek Bielsa Athleticen aulkian dagoenetik egiten duen lana. Horrekin esanda dago esan beharreko guztia.
Hala ere, konpromisoarekin bakarrik ez dira emaitza onak lortzen. Erasoan gertatzen den legez, defentsan ere kalitatea behar da gauzak ondo egoteko. Eta zaintzan Fernando Amorebieta eta Javi Martinez dira taldeari kalitatea ematen diotenak. Ikusgarria da Iurretako ezkerra erakusten ari den maila. Jarrera aldatu du, eta barruan duen guztia ematen hasi denetik, inork ez du zalantzan jarri haren balioa. Azkar, indartsu eta kontzentratuta ari da. Venezuelako selekziorekin ari da jokatzen, baina maila handiagoko beste selekzio batean jokatuko luke lasai-lasai gaur-gaurkoz. Baita Javi Martinezek ere. Arlo fisikoan dohatsua da Aiegikoa, eta postu berriari neurria hartu dionetik ia gaindiezina da. Beharbada, atzean ez da haren gaitasun guztia aprobetxatuko, baina taldeari sendotasuna ematen ari da. Eta taldeak ate ingurua hobeto zaintzen duenetik atezaina ere lasaitu egin dela dirudi. Gorka Iraizoz duela lau denboraldi bezala ari da. Horri baloiaren kontrola izateak ematen duen segurtasuna gehituz gero, errazago uler daiteke zergatik daraman Athleticek sei partida jarraian golik jaso gabe.
Athleticek atea itxi du
Talde zuri-gorriak sei partida daramatza jarraian golik jaso gabe; Kopan lehiakorra izateko giltzetako bat da atea ondo zaintzeaJokalari guztien konpromisoa eta baloiaren jabetza dira hobekuntzaren ardatz nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu