Gehiago espero zen atzo Realak eta Athleticek jokatu zuten norgehiagokatik, kontuan izanda sailkapeneko laugarrena eta bosgarrena zeudela aurrez aurre. Distirarik gabeko partida jokatu zuten bi taldeek, aukera garbi gutxikoa.
Athleticena izan zen baloia partida osoan zehar, baloi jabetzaren datuak erakusten duenez: %58 Athleticek, %41 Realak. Presioan ongi estutu zuen Athleticek Reala, eta donostiarrek ezin izan zuten ohiko jokoa egin. Athleticek baloi jabetza izanda, lerroak ongi itxi zituen Realak, eta aurrean ideiarik gabe aritu ziren bilbotarrak.
Asmatzean egon zen aldea. Gutxitan iritsi zen Reala Iraizozen atera, baina lehen zatia amaitzear zela asmatu zuen. Pardok kornerra atera, Griezmannek boleaz area ertzetik jaurti, Iraizozek baloia desbideratu, eta bigarrengoan ez zuen hutsik egin frantziarrak.
Lehenengo zatiaren ildotik joan zen bigarrena ere. Gorka Elustondoren zelairatzeak aukera eman zion Realari baloia apur bat gehiago izateko, baina apenas sortu zuen aukera garbirik. Azken minutuetan hautsi egin zen partida, eta berdintzear egon zen Athletic luzapenean, Muniainen jaurtiketa baten bidez. Athletic erasora joanda, atzean utzitako zuloa baliatu zuen Ruben Pardok 92. minutuan 2-0ekoa egiteko.
Sailkapeneko laugarren postuan jarraitzen du Athleticek, 33 punturekin. Bosgarrena da Reala, eta puntu batera du Athletic.